Herritarrek Santakurtzetako kontzertu gehienak aukeratuko dituzte aurten ere, eta bozketa zabalik dago. Kaotiko, Koma, Noan, Les Testarudes, Megara, Maruja Limón, Etzakit, Latzen eta Bengo dira aukerak.
Azken urteetan bezala, Galdakaoko Udalak eta Jai Batzordeak herritarren esku utziko dute aurtengo Santakurtzetako kontzertuen aukeraketa. Duela aste batzuk ireki zen proposamenak egiteko epea, eta hori amaitu ondoren, herritarrek bozkatzeko epea ireki da.
Fase honetara iritsi diren aukerak honako hauek dira:
Irailak 12, larunbata
Kaotik
Koma
Noan
Irailak 18, ostirala
Les Testarudes
Megara
Maruja Limón
Irailak 19, larunbata
Etzakit
Latzen
Bengo
Irailaren 11ko kontzertua, aldiz, Jai Batzordeko elkarteek eta kuadrillek hautatuko dute zuzenean, eta aurreko hirurak herritarren bozketa bidez erabakiko dira.
Hala, gaurtik martxoaren 30era, 16 urtetik gorako herritarrek euren bozken bidez erabaki ahal izango dute zein artista igo behar diren Ardantza parkeko oholtzara. Bozketa Udaleko parte hartze plataformaren bidez egingo da, baita Torrezabal Kultur Etxean, Urretako kiroldegian eta Aperribai liburutegian jarriko diren hautestontzien bidez ere.
Udalak «herritar guztiak animatzen ditu kontzertuak aukeratzeko prozesuan parte hartzera, Santakurtzak galdakoztarren gustuak eta aniztasun musikalak islatzen dituzten jaiak izan daitezen».




