Zaintza komunitarioa lantzeko proiektu aitzindaria jaio da: Galdakao Zeugaz

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Zaintzaren eredua eraldatzeko helburuz, Galdakao Zeugaz proiektua aurkeztu du Galdakaoko Udalak herriko eragileekin batera. Proiektuaren lidergoa Udalak eta Agirre Lehendakaria Centerrek hartu dute elkarlanean.

Galdakaoko Udalak Galdakao Zeugaz aurkeztu du, herriko Foro Soziosanitariotik eratorritako eta lanketa komunitarioa oinarri daukan proiektu aitzindaria.

Ekimenak zaintzaren eredua eraldatzea eta ongizatearen eredu ezberdin bat sustatzea du helburu, herritarren parte hartzea, eragileen arteko lankidetza eta zaintza ardatz gisa balioan jarriz. Udalaren esanetan, «herri desberdin, elkarlotu eta arduratsu baten aldeko apustua egiten duen ekimena da». 

Proiektuaren lidergoa Udalak eta Agirre Lehendakaria Centerrek hartu dute elkarlanean. Azken hilabeteetan zehar, entzuteko prozesu aktiboa, lan kolektiboa eta ezagutza partekatua eraikitzeko lana egin dute herriko hainbat agenterekin batera. Horrela, talde motorrak herriko eragileak mapatu ahal izan ditu, beharrak eta aukerak detektatu, eta aldaketa baldintzatzen duten alorrak ikusgai jarri.

Prozesuan zenbait erronka identifikatu dituzte, besteak beste, nahi gabeko bakardadea, baliabideen arteko deskonexioa, espazio partekatuen falta eta lotura komunitarioak indartzeko beharra. Halaber, komunikazio irisgarria, generazioarteko sareak sortzea eta pertsonak eta baliabideak konektatzen dituzten profilen sustapena lehentasuneko ekintza gisa identifikatu dira.

Proiektuaren aurkezpenean Edurne Espilla Galdakaoko jarduneko alkatea, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria, Amets Iturbe Galdakaoko Gizarte Ekintzako eta Berdintasunerako zinegotzia, Leyre Olabarrieta Osakidetzako medikua eta Naroa Azurmendi Udaleko Adineko Dinamizazio Zerbitzuko izan ziren. Guztiek «zaintza erdigunean jartzeak eta eredu komunitario inklusiboago batera bideratzeak duen garrantzia» azpimarratu zuten. 

Haiekin batera, proiektuan parte hartzen ari diren elkarteen ordezkariak eta norbanaka ari diren pertsonak ere egon ziren: etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak, Adinekoen Dinamizazio Zerbitzua, Erabide Emakume Elkartea, Kabia, herriko hainbat farmazia, Udaleko hainbat arlo, AMPAk, pertsona nagusien elkarteak, EISE Zerbitzu Psikosoziala, Osakidetza, Cáritas eta hainbat norbanako, Kepa Lizarraga, adibidez. 

Espillak aitortu zuenez, «Galdakaoko hainbat kolektibok egindako urteetako lana ekarpen handia izango da». Bere hitzetan, «taldearen balio handiena da eragile bakoitzak bere ikuspegia eskainiko duela helburu komun bat lortzeko: Galdakaon denok eroso, osasuntsu, oparo eta ondo bizitzea».

Iturbek aldiz, «Galdakao herri aktiboa, dinamikoa eta eragile sozialez jositakoa» dela nabarmendu zuen, «historikoki garrantzi handia izan duena eta zaintzaren balioak transmititu dizkiguna». «Udal gobernu honek ezin du ulertu politika publikorik zaintza erdigunean ez daukana; elkar zaintzen duen herria izaten jarraitu nahi dugu», adierazi zuen.

ALCko zuzendariak azpimarratu zuenez, «ez da erraza halako lan dinamikak gauzatzea; proiektu komunitario bat abiatzea oso erraza da, baina zailtasun asko sortzen dira praktikan jartzerako orduan». Kasu honetan, «Galdakaon aurretiko egitura indartsua zegoen, beraz, zoragarria izaten ari da lana aurrera eramatea. Balio handiko gauzak egiten ari dira», esan zuen Espiauk. 

Azkenik, Azurmendik eta Olabarrietak Galdakao Zeugazen barne egiten ari diren ekintzetako batzuk azaldu zituzten. Lehenak proiektuaren erronka nagusietako bi azpimarratu zituen: «Galdakaon dagoeneko martxan zeuden eragile eta proiektu guztiak koordinatzea, askotan modu isolatuan lan egiten baitzuten, eta informazioa herritarrei helaraztea».

Olabarrietak, bere aldetik, «plataforma hau baliabide askoren iturri» izango dela uste du, «arazo, beldur eta sentimendu askori erantzuna emango diena». Azkenik, martxan jarri diren bi jardueratan jarri zuen fokua: «Death Café saioak, arrakasta handia izan dutenak, eta ‘La silla vacía’ hitzaldia», abenduaren 9an izango dena Gandasegiko eskolan, 18:30etan.

situs togel

situs toto