
Zuhatzuko oinezko pasabidea itxiko dute irailera arte, konpontze-lanen ondorioz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak astelehenean, uztailak 21, hasiko ditu Zuhatzuko oinezko pasabidean denborale batek eragindako kalteak konpontzeko lanak. Hauen ondorioz zubia itxita egongo da irailaren 22ra bitarte.
Denborale batek kalteak eragin zituen Zuhatzuko zubian eta hauek konponduko ditu Galdakaoko Udalak. Lanak astelehenean, uztailak 21, hasiko dira eta hauen ondorioz zubia itxita egongo da irailaren 22ra bitarte.
Udalak azaldu duenez, korronte gogor batek Zuhatzuko zubiaren egituraren beheko euskarriaren zati bat arrastatu zuen, pasabidea arriskuan jarriz. Horregatik, «herritarren segurtasuna bermatzeko helburuarekin», plataforma konpontzea eta indartzea erabaki du. Gainera, zubia egoera txukun mantentzeko margoketa eta mantentze lanak egiteko aprobetxatuko da.
Horretarako, aldamioak jarri beharko dira. «Eskuhartze konplexua da, bai ingurunera iristeko zailtasunagatik, bai bete beharreko segurtasun eta babes neurri zorrotzengatik, pasabidea ur ibilgu baten gainean baitago. Hori dela eta, lanak bi hilabete inguruz luzatzea aurreikusten da», adierazi du Udalak.
Zuhatzuko pasabidea N-634 errepidetik Santa Barbara futbol zelaiaren atzealderaino doa. Lanek irauten duten bitartean, oinezkoek Txomin Egileor kaletik egin ahal izango dute ibilbide hori, Plazakoetxeko biribilgunetik abiatuta.