Aldundiak Usansoloren segregazioa geldiarazi du, Espainiako justiziak esango duenaren zain
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Espainiako Abokatutzak Usansoloko segregazioari jarritako helegitearen aurrean Bizkaiko Foru Aldundiak prozesua geldiarazi du, Usansolo eratzeak prebarikazio-delitua ekar dezakeelakoan. Horren aurrean El Correo egunkariak eta Monika Menak Berriari adierazitakoak laburtu ditu Binkek ondoko albistean.
«Usansoloko bizilagunek zain jarraitu beharko dute», hala baieztatu zuen domekan El Correo egunkariak. Bizkaiko Batzar Nagusiek joan den azaroan onartu zuten udalerri berriaren eraketa, baina prozesua geldiaraztea erabaki du Bizkaiko Foru Aldundiak, Estatuko Abokatutzak EAEko Auzitegi Nagusian jarritako errekurtsoari buruzko erabakia hartu arte.
Hasiera batean, «Aldundiak ez zuen inolako arazorik izango abenduan Usansoloko Udala eratzeko osoko bilkura deitzeko», ziurtatu du El Correok. Galdakaoko bereizketa baimentzen duen Batzarren erabakia Bizkaiko eta Euskal Herriko aldizkari ofizialetan argitaratuta zegoen, eta hauteskundeak izan arte «udal berriaren buru izango den batzorde kudeatzailea aukeratzeko ekitaldiari data jartzea baino ez zen falta», dio aipatutako medioak. Baina administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hilaren 30ean erregistratu ondoren, egoera aldatu egin da.
Foru Aldundiko bozeramaileek baieztatu dute zain jarraituko dutela, eta ez dela mugimendurik izango, «gutxienez datorren hilera arte». Arrazoi nagusia da, behin prozesua epailearen esku dagoela, Usansolo eratzeak prebarikazio-delitua ekar dezakeela. Eta ez omen da Unai Rementeria buru duen taldeak aurrera eraman nahi duen bidea, El Correoren ustez.
Administrazioko abokatuen ustez, Bizkaiko 113. herria sortzeko prozesuak urratu egiten du Espainiako Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legean ezarritako biztanleria-betekizuna. Enklabe berriak ez ditu gutxigatik ordenamendu estatalak eskatzen dituen 5.000 biztanleak, baina Lurralde Mugapeei buruzko foru-arauak ezartzen dituen 2.500 biztanletik gora bai, baditu Usansolok.
«Sakoneko gaiak aztertu aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki behar du ea onartzen dituen Estatuko Abokatutzak eskatzen dituen kautelazko neurriak, eta debekatu egin behar du udalerri berria martxan jartzea epai irmo bat ez dagoen bitartean», hala ziurtatu du Octavio Igea aipatutako hedabideko kazetariak.
Usansolo Herriaren ahotan
Monika Mena Usansolo Herriako (UH) bozeramaileak gaur, astelehena, Espainiako Abokatutzaren helegitea hizpide izan du Berria egunkarian eskaini duen elkarrizketan. Menaren ustez, «hemen foru arauak agintzen du». Eta gainera, Binkeri eskainitako elkarrizketan esan zuenarekin lotuta, Berriari ere aitortu dio urteotan Andaluzian zortzi desanexio egon direla «eta haiei bai eragiten diela bete-betean estatuko legeak». Horregatik galdera egiten du UHko kideak: «Zergatik Andaluzian bai eta Usansolon ez? Haiek estatuko legea bete behar dute, eta guk, ez. Haiek ez dute betetzen estatuko legea, eta guk, foru araua bai».
Andaluzian exekutatu diren zortzi segregazio horiek urteotan egin dira, nahiz eta Espainiako Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legea —besteak beste, 5.000 biztanleen muga ezartzen duena— 2013an sartu zen indarrean. Eta Andaluziako zortzi udalerri berrietatik bakarrak betetzen du biztanleen baldintza hori.
Ordea, PSOE alderdiak dio —zortzi herri horietako gehienetan dago alderdi hau agintean—, Espainiako legedia indarrean sartu aurretik martxan jarritako prozedurak direla kasu horiek. Eta adierazpen horiei Menak irmoki erantzun Berria egunkariaren bidez: «Gurea ere bai! 1988an hasi zen Usansolon desanexio prozesua».
Eta orain, zer?
Bateko eta besteko adierazpenak jaso dira azken orduetan segregazio prozesuari jarri zaion errekurtsoaren harira, baina zein iritzi du Usansolo Herriak une honetako egoeraren inguruan? «Prozedurak aurrera egin behar duela», finean. Hori bai, Menak aipatutako egunkarian onartutakoa kontuan hartuta: «Epaileak kontrakoa esan arte».
Horretan dago beraz orain Usansoloren egoera, eta Menak berak ere onartu egiten du «gauza batzuk atzeratu egingo direla». Hala ere, Udalaren funtzioak beteko dituen eta herriaren kudeaketaz arduratuko den batzordea honezkero eratuta egon beharko lukeela uste du Menak. Eta horixe bera eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari, UHko kideak Berriari aitortu dionaren arabera: «Oraindik eratu gabe dago, eta eratu dezala eskatzeko bilera eskatu diogu, baina ez dugu erantzunik jaso. Independentea da Usansolo, baina oraindik ez dugu erakunderik».
Bien bitartean, behin Bizkaiko Foru Aldundiak prozesua geldiarazita eta Espainiako justiziak esango duenaren zain, Usansoloko Udalerako hauteskundeak ezin izango dira maiatzean antolatu. Kudeaketa Batzordeak egin beharko ditu etorkizuneko Udalaren funtzioak, eta talde hori 2019ko Galdakaoko udal-hauteskundeetan Usansoloko hautesleek bozkatutakoaren arabera osatuko da: Usansolo Herriako zortzi kiderekin, EAJko birekin eta EH Bilduko batekin —Kudeaketa Batzordeko kideak berriz antolatzea aurreikusten du UHk datozen udal-hauteskundeak pasata—.