Ainhoa Telleria: «Euskaldunak eta galesak oso antzekoak garela esango nuke»
Ainhoa Telleria Villamor, Galesko galdakoztarra
BINKE / 2021eko urria
«Euskaldunak eta galesak oso antzekoak garela esango nuke»
Sortzez: Galdakaokoa, Plaza Gorri ingurukoa.
Gaur egun: Swansean, Galesen, 2021eko irailetik.
Jaiotza urtea: 2000.
Ikasketak: Deustuko Unibertsitateko Komunikazioa eta Ikus-entzunezko eta Multimedia Komunikazioko Teknologiak.
Zertan dabil: gaur egun Erasmusean dabil, ikasketen azken urtean.
Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Iaz Erasmusa egiteko zorian egon nintzen baina birusa dela eta, azkenean bertan behera geratu zen. Trena pasatu zitzaidala uste nuen, eta horregatik, aurten proposatu zidatenean, ezin izan nuen ezetz esan. Orain edo inoiz ez. Uste dut paregabeko esperientzia dela bizitzan!
Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Deigarria egiten zait hemen sozializatzeko modua oso ezberdina dela. Koadrilak ez dira existitzen, mundu guztia mundu guztiarekin elkartzen da eta plan desberdinetara apuntatzen da pertsona desberdinekin. Nahiz eta batzuetan pixka bat galduta sentitzen naizen talde solido bat izan gabe, argi dago honek ate asko irekitzen dituela kultura, gustu eta interes desberdineko jendea ezagutzeko.
Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Kuadrilena, ordutegiak, festetan tekno musika izugarri entzuten dela eta kontrako aldetik gidatzen dutela kenduta, esango nuke euskaldunak eta galesak nahiko antzekoak garela —orain arte ikusi dudanagatik behintzat—.
Zeren falta sumatzen duzu han? Egia esan, alde batetik bestera ibili naiz eta ez dut faltan sumatzeko astirik izan etxetik kanpo daramadan denbora laburrean. Hala ere, badakit azkenean nire familia —3loks barne—, ostegunetako Eurokañako giroa eta bere kotileoak faltan botako ditudala.
Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Baliteke orain ni izatea erakargarritasun turistiko handiena (barreka) Txantxa da, lagunak gonbidatzen ditut ni bisitatzera, baina uste dut mundu guztiak bisitatu beharko lukeela Gales. Bere paisaia naturalak, hiriak eta herri txikiak ederrak dira.
Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Zalantzarik gabe, gure gastronomiaz, hemen ez dakite zer den janariaz gozatzea…
Zer dakite gure herriaz? Atentzioa ematen die euskarak, hemen ere hizkuntza propioa baitute, galesa.
Zer zenekien zuk hangoaz? Aurreiritzirik gabe etorri nintzen, lekua eta bertako kultura ezagutzeko gogoz. Banekien eguraldia Euskadikoaren oso antzekoa zela, horregatik ekarri nuen aterkia, ziur nire abenturakide leiala izango dena.
Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Ez dut etorkizunean asko pentsatzen, uneaz gozatzen saiatzen naiz beti: «Carpe diem» topikoa dirudien arren. Kontziente naizen gauza bakarra itzuleran —urtarrilean— pilak jarri beharko ditudala, praktikak, GRAL–a egin eta karrera amaitu behar dudalako. Bien bitartean, gozatzea besterik ez da geratzen. Ikusi arte, Galdakao!