Irati Gallego Santarén, Austriako galdakoztarra
BINKE / 2021eko maiatza

«Hemen, Austrian, oraindik ez dituzte irailetik tabernak zabaldu»

Sortzez: Galdakaokoa, Urreta auzokoa.
Gaur egun: Grazen, Austrian.
Jaiotza urtea: 2000.
Ikasketak: Zuzenbidea, Euskal Herriko Unibertsitatean.
Zertan dabil: gaur egun Erasmus planaren barruan bere ikasketak jarraitzen dabil.

Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Betidanik atzerrian bizitzeko grina izan dut. Unibertsitatean izanda, eta Erasmus programan parte hartzeko aukera nuela jakinda, oso bizipen polita izan zitekeela pentsatu nuen. Horrela, pandemia erditik egonda ere, irailean Austriara abiatu nintzen.

Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Batez ere etxetik kanpo bizitzeak dakarren independentzia. Nire lehen aldia da bakarrik bizi naizela, hizkuntza berri bat tartean eta bizimodu desberdin batean murgildurik gainera.

Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Graz ikaragarri polita da. Gainera, hiriaren erdi-erdian bizi naizenez ikasle-egoitzatik atera eta edozein lekutara begiratuz gero liluratuta gelditzen naiz. Hala ere, ez dauka Galdakaok duen giro onik.

Zeren falta somatzen duzu han? Familiaren eta lagunen falta asko somatu dut. Horrez gain, janaria, hemengo ohiturak… nire lehengo bizimoduaz oroitzen naiz askotan. Gainera, Austria eta Euskal Herria konparatuz pandemiaren kudeaketa oso ezberdina izan da. Irailean taberna guztiak itxi zituzten Austrian, oraindik ez dituzte zabaldu, eta askotan inbidia asko pasa dut nire lagunak Someran zeudela ikusita. 

Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Batez ere Grazeko erdialdea: Jakominitik abiatuta, Herrengasseren bitartez Hauptplatzeraino joatea. Plan polit eta merke bezala Scholssberg-era igotzea eta bertako ilunabarra ikustea izan zitekeen, edo Augarten parkera piknik bat egitera joatea esango nioke. 

Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Gure bizimoduaz, ohiturez… aritzen gara normalean. Gure taldean bost euskaldun gaude, eta gure artean dauden desberdintasunei buruz aritu gara noizbait. Gainontzekoei oso bitxia iruditzen zaie euskara entzutea, eta askotan ibili gara haren inguruan hitz egiten, hizkuntza nolakoa den azaltzen, eta zeozertxo irakasten ere bai.

Zer dakite gure herriaz? Denetarik dago. Badaude askok ez dakitela Euskal Herria mapan kokatzen edo futbola aipatu arte ez direnak ohartzen. Unibertsitate arloan nahikok ezagutzen dute Euskal Herria, batez ere irakasleek, egoera politiko-soziala dela medio. Horretaz gain ez dakite ia ezer gure ohiturei edo bizimoduari buruz.

Zer zenekien zuk hangoaz? Egia esanda ez nekien gauza askorik Austriari buruz, eta Graz aukeratu baino lehen ez nuen hiria ezagutzen ezta. Ikerketak behin Graz aukeratuta ostean hasi ziren. Hala ere, ezjakintasun hori abantaila izan zela pentsatzen dut, bertara aldez aurretiko ideiarik gabe heldu nintzelako. Horrela dena da sorpresa!