Anbulatoriora arteko igogailua dagoeneko erabilgarri dago Aperribai auzoan
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Bost igogailu eraikitzeko proiektua dago Aperribai auzo galdakoztarrarentzat, eta gaur hirugarrena inauguratu dute Iñigo Hernando alkateak, Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak eta Aperribaiko auzo elkarteko zenbait kidek.
Auzo malkartsua da Aperribai, eta bertako aldapak saihesteko asmoz, Galdakaoko Udalaren aurreko agintaldiek auzo galdakoztar honetan bost igogailu eraikitzeko proiektua diseinatu zuten. Gaur ireki dena hirugarrena izan da, hilabeteetako lanaren ondoren, beheko errepide nagusia anbulatorioarekin lotzen duena.
Iñigo Hernando alkateak igogailu honen inaugurazioan esan duenez, «zor historikoa egon da Aperribairekin irisgarritasunari dagokionez eta zor hori kitatzen ari da Udala pixkana-pixkanaka». Azken hiru urteetan eraiki den hirugarrena da igogailu berri hau.
Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak azaldu du obrek milioi euro inguru kostatu dutela, baina «beharrezkoa zela bertako auzokideei irisgarritasuna hobetzea». Gainera, gaur martxan jarri den igogailua anbulatoriora arte iristen da, «eta beraz, mugitzeko zailtasun eta premia handiena dutenei emango die zerbitzua», adierazi du zinegotziak. Lan horiekin batera anbulatorio sarreran anbulantzia batentzako lekua egokitu da, eta autoak uzteko leku gehiago ere prestatu dira argiteria hobetzearekin batera.
Inaugurazio ekitaldian Aperribaiko auzo elkarteko zenbait kide ere izan dira, Hernando eta Egiraunekin batera igogailu berria estreinatzen albiste honen argazkian ageri direnak, esaterako.