Ane Villate, idazlea
BINKE / 2021eko urtarrila

«Erronka bat izan da liburua kaleratzea»

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Bere lehen liburua kaleratu du Ane Villate galdakoztarrak: «Billete de ida al país de las maravillas». Egun publizitate agentzia batean lanean dagoen arren, idaztearekin uztartzen du beharra. Lan berri honen nondik norakoak ezagutzeko eta honek zer ekarri dion jakiteko batu da Binke berarekin.

Gurasoek hala sustatuta, txiki-txikitatik irudikatu ditu bere buruan istorioak 27 urteko Ane Villate galdakoztarrak. Hala, hamahiru urte zituela ekin zion buruan zuen hori paperean islatzeari, eta gaur arte horretan dihardu. Hau izan da hala ere, bere inguruko guztien ezusterako, argitarau duen lehen lana.

Lehenengo liburua kaleratu duzu. Zelako harrera izan du? Hasieran pentsatu baino harrera hobeagoa izan duela uste dut. Jende askok galdetu dit liburuari buruz, erosteko asmoarekin. Azkenean herrian giro oso ona daukagu eta ezagunen batek zeozer kaleratzen duenean edota martxan jartzen duenean berehala ikusten da ingurukoen proiektuarekiko duten eskuzabaltasuna eta laguntasuna.

Zer ekarri dizu lan berri honek? Liburu bat kaleratzerako orduan beti daude trabak idazle ezezaguna izanda. Argitaletxe gehienek ez dituzte idazle berrien lanak onartzen, eta gaur egun oso zaila da hauen arreta deitzea ez baldin baduzu lehiaketarik irabazi. Beste aukera bat norberak argitaratzea da, baina guztiok ez ditugu horrenbesteko baliabide kaleratze bide hau aukeratzeko. Horregatik liburua kaleratzeak erronka eta hazkunde pertsonala ekarri dit.

Noiz eman zenuen idaztearen lehen pausua? Gurasoek txikitatik sustatuta. Irakurtzea oso gustuko izan dut beti. Liburuak irakurtzean edonora bidaiatu nezakeen, beste bizitza batzuk bizi eta amestu. Betidanik izan dut oso imajinazio bizia: liburu, film eta telesailek sustatua agian, eta hauei esker hainbat izan ziren bururatzen zitzaizkidan istorioak. Testu laburrak idazten hasi nintzen, batez ere eszenak. Nire lehen liburua 13 urterekin idazten hasi nintzen, «Memorias de Idhun» irakurri ostean. Hortik aurrera, zenbait etenaldirekin, idazten jarraitu izan dut beti.

Ba al zuten zure ingurukoek honen berririk? Familiak eta lagunek betidanik jakin dute idaztea gustatzen zaidala. Bai familiakoek eta baita lagunek ere nik idatzitako testu laburren bat edota nobelaren bat irakurri dute noizbait. Orain dela urte batzuk hasi nintzen nire liburuak argitaletxe batzuetara bidaltzen, Madrilen bizi nintzela, eta horren berri ere bazuten. Baina azken nobela hau nire kontu kaleratzeko erabakia sorpresa izan da inguratzen nauten guztientzat.

Zeri idazten diozu? Idazterakoan ez dut gai zehatzik. Fantasiazko liburuak idazten hasi nintzen —trilogia bat— eta orain kaleratutako nobela, adibidez, gaur egun «Young Adult» deritzon generokoa da. Hala ere, gizarteak ikusezin bihurtzen dituen edo behar besteko arreta jasaten ez duten hainbat arazoei buruz idaztea gustatzen zait. Batez ere nerabezaroan sor daitezkeen arazoei buruz. Maitasun istorioak gustuko ditut, noski, baina normalean ez dira nire nobelen erdigunea.

Idazterako orduan, non topatzen dituzu indarguneak? Non ahulguneak? Nire indargunerik garrantzitsuena jarraitasuna da behar bada. Batzuetan, zerbait asko gustatzen zaigun arren, ez diogu jarraitasunik ematen eta azkenean baztertu egiten dugu. Niri askotan pasatzen zait, baina idazterako orduan ez. Nire buruan hamar mila eszena eta istorio pilatzen dira, inspirazioa nonahi, eta hauei irteera bat eman behar diet nolabait. Ahulguneen artean, kaleratzeko lotsa esan beharko nuke. Hainbeste denbora pasatu dut niretzako edo hurbilekoek bakarrik irakurtzeko idazten, liburu bat idaztearen bigarren etapa honentzako ez naizela prestatu. Liburuak idazlearen arimaren zatitxo bat darama beti, eta zati hori hain hurbilekoak ez dituzun pertsonei zabaltzea beldurgarria izan daiteke.

Baduzu erreferenterik? Idazterako orduan ez dut erreferenterik, estiloari dagokionez, idazle bakoitzak bere estilo propioa baitu. Inoiz ez dut kurtsorik jaso ezta idazterakoan kontu hauetan pentsatu ere, ateratzen zaidana idazten dut eta gero mila bider errepasatzen dut. Baina baditut idazle batzuk beste batzuk baino gustukoagoak eta hauen liburuek behin baino gehiagotan inspiratu naute.

Zein leku du, gaur egun, literaturak jende gaztearen artean? Gizarteak berak azken urteetan izan duen bilakaeran toki handia hartu du teknologiak gazteen egunerokotasunean. Hala ere, nire ustez literaturak beti izango du bere lekua gazteen artean, lehengo garai batzuetan baino txikiagoa bada ere. Edo agian hau gure pertzepzioa da eta lehen beste irakurtzen da nahiz eta teknologiarekin zerikusia duten beste denbora pasa batzuk agertzen joan diren. Nik diru pila bat gastatu dut paperezko liburuetan ez baititut liburu elektronikoak gustuko, baina gaur egun oso aukera eroso eta ekonomikoki errentagarriak dira.

Aurrera begira, zeintzuk dituzu etorkizuneko erronkak? Idazten jarraituko dut, hori seguru. Nahiz eta batzuetan etenaldi luzeak egin, azkenean beti bueltatzen naiz hitzen mundu honetara. Lanean oso gustura nago oraintxe bertan, aspaldi bainenbilen honelako lanpostu baten bila. Egia esan 2020an, hain urte txarra izanda ere, izugarrizko zortea izan nuen gustatzen zaidan lana aurkitu izanagatik. Beraz, lanari dagokionez, agentzian gogor lan egiteko eta hobetzen jarraitzeko asmoa dut. •