Idoia Álvarez Ajuria, Valentziako galdakoztarra
BINKE / 2021eko urtarrila

«Euskaraz hitz egitea faltan sumatzen dut hemen, Valentzian»

Sortzez: Galdakaokoa, Zabalganekoa.
Gaur egun: Valentzia hirian.
Jaiotza urtea: 1999.
Ikasketak: Bioteknologia ikasketak egiten ari da.
Zertan dabil: gaur egun Sicue planaren bidez ikasketak amaitzen ari da Idoia Valentziako hirian.

Zerk eraman zintuen herritik alde egitera? Errutinaz gogaitzen hasia nintzen eta egunerokotasunak neurri handi batean aspertzen ninduen. Aldaketa baten bila nengoela Sicue programan parte hartzea aukera ezin hobea iruditu zitzaidan.

Zeintzuk dira bizi izan dituzun aldaketarik nabarmenenak? Etxetik kanpo bizitzera noan lehen aldia da eta horrek dakartzan betebehar berrietara ohitu behar izan naiz. Gainera, oso ezberdina da Galdakao bezalako herri «txiki» batean edo Valentzia moduko hiri handi batean bizitzea, baina sinestezina dirudien arren Valentzian bizitza askoz lasaiagoa daukat. Aipatu bezala, Galdakaon errutinan murgilduta nengoen, uneoro leku batetik bestera bueltaka ibiliz eta asko eskertu izan dut hiriak ekarri didan lasaitasuna. 

Zer du zure oraingo herriak, Galdakaok ez duena? Eta alderantziz? Gauza asko azpimarratu nahiko nituzke. Oso ezberdinak iruditzen zaizkit Valentzia eta Galdakao, bakoitzak bere berezitasunak dituelako, baina Valentziatik zerbait azpimarratu beharko banu bertako eguraldi paregabea eta daukan hondartza izango lirateke. Galdakaotik, aldiz, herritarren arteko hurbiltasuna eta gazteen arteko harremanak azpimarratuko nituzke.

Zeren falta sumatzen duzu han? Dudarik gabe, guretik gehien botatzen dudana faltan familia eta lagunak dira. Bertan jada harreman berriak sortu ditut, baina hala ere askotan etortzen zaizkit burura betiko familia eta lagun ohiak. Horretaz gain, euskaraz hitz egitea ere faltan sumatzen dut, bertan ez daukat harremanik euskaldunekin eta gaztelaniaz egunero.

Zer gomendatuko zenioke zure herritar bati, han bisitatzeko? Valentzian xarmagarriak diren auzo asko daude eta horiek bisitatu beharrekoak direla uste dut. Bestalde, hirian bertan aurki daitezkeen leku erakargarrienak Arte eta Zientzien hiria edota Turiako lorategiak dira. Azken horretan bereziki giro alaia arnasten da, bertan jendeak denetarik egiten duelako; yoga, paseoak eman… Hiria bisitatuz gero, Valentziatik gertu dauden bi leku nabarmenduko nituzke: Albuferako parke naturala eta Port Saplaya bizitegi-auzoa, «Venezia txikia» ezizenez ezaguna dena. 

Gure herriaz hitz egiten badiezu hangoei, zeren inguruan aritzen zara bereziki? Herriak duen bizitasuna aipatzen diet gehienbat. Alde batetik, herriko jaien inguruan eta herrian sortzen diren ekintzen inguruan hitz egiten diet. Bestetik, orokorrean euskal kulturaren inguruan ere askotan aritzen gara. 

Zeintzuk dira zure etorkizunerako asmoak? Momentuz nire betebehar nagusia gradua amaitzea da. Valentzian bertan amaitu nahi dut azken urte hau, eta hurrengo urteei begira, masterren bat ikasi beharko dut. Oraindik ez daukat argi zein master aukeratuko dudan, ezta non egingo dudan ere, baina argi daukadan gauza bakarra etorkizunean suertatuko zaizkidan aukera guztiei probetxua ateratzen saiatuko naizela da.