Galdakaok dituen aparkatzeko arazoak «arintzeko» asmoz, Udalak TAO sistema ezarriko du udalerri osoan, eta erroldatutakoek zein bisitariek ordaindu beharko dute. Galdakaon erroldatutakoek hobariak izango dituzte, baina edozein kasutan, gehienez bi orduz baino ezin izango da aparkatu otsailaren 1etik aurrera.
«Urteetako eskariari erantzuteko asmoz» Galdakao osoan aparkatzeko TAO —Trafiko eta Aparkaleku Ordenantza, edo gaztelaniaz OTA akronimoz ezaguna— zerbitzua ezarriko du Udalak. Sistema otsailaren 1ean sartuko da indarrean, eta «urtarrila osoa aparkatzeko koloretako marra berriak margotzeko» baliatuko dute, Udalak ohar bidez jakinarazi duenaren arabera.
Udalerri handi gehienetan ohikoa den sistema honekin «aparkatzeko arazoa arindu egingo da», alkateak azpimarratu duen moduan. Horren aurretik baina, herritarrei dei egin die udalerriko ordezkari nagusienak, TAO sistema berrirako izena eman dezaten: «Galdakaon erroldatuta dauden herritarrek ere ordaindu egin beharko dute udalerriko kaleetan aparkatu ahal izateko, baina bisitariek baino %25 gutxiago ordainduko dute». Izen-ematea Galdakaoko Udalaren webgunetik egin beharko da urtarrilean zehar, ‘Nire ordainketa’ atalean.
Lapurdiko, Urretako anbulatorioko eta udaletxeko txandakako aparkalekuen ordutegi eta aparkatzeko iraupen bera jarraitu nahi du Udalak TAO sistemarako ere, baina ordainpean: astelehenetik barikura 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 22:00etara aparkatzeagatik ordaindu egin beharko da Galdakaon; zapatuetan aldiz, 09:00etatik 13:30era ordaindu beharko da —domeketan doakoa izango da aparkatzea—. Txandakako aparkalekuetan bezala, otsailaren 1etik aurrera gehienez bi orduz aparkatu ahal izango da kalean ere.
Prezioak eta guneak
Bi kolore izango dira nagusi Galdakaoko TAO zerbitzuan: udalerriaren erdigunea, Kurtzea, marra berdez margotuko ditu Udaleko brigadak. Gune berdean aparkatzeko 0,20€ ordaindu beharko da 15 minutugatik, 0,60€ ordu erdi aparkatu ahal izateko, 1,50€ ordubeteko egonaldiagatik eta 3,85€ arte bi orduren truke.
Kurtzetik kanpoko gainontzeko auzoak marra urdinez margotuko dira urtarrilean zehar, eta otsailaren 1etik aurrera ere ordainpekoa izango da eremu guzti hauetan aparkatzea. Egonaldi bakoitzeko ordea, gune urdinetan aparkatzea merkexeagoa izango dela iragarri du Galdakaoko Udalak: 15 minutu 0,10€ ordaindu beharko ditu bisitariak, 0,45€ ordu erdiz aparkatzeko, euro bat ordubeteko egonaldiagatik eta 2,20€ arte bi orduren truke.
Aurretik aipatu bezala, Galdakaon erroldatuta daudenek egoiliarren bereizgarria eskuratu beharko dute, eta aipatutako prezioetan %25eko hobaria jasoko dute aurretik Udalaren webgunearen bitartez erregistratuko duten matrikulan.
Egoiliarren baldintzak
Egoiliarren bereizgarria lortzeko, baldintza hauek bete behar ditu erabiltzaileak:
- Pertsona fisikoa izatea.
- Adinez nagusia izatea.
- Erroldatuta dagoen etxebizitza araututako aparkalekuaren esparruan egotea.
- Ibilgailu bat jabetzan izatea —edo ‘Desgaitasuna duten pertsonen aparkatzeko txartela’ daukan batekin bizitzea—, ibilgailu bat renting edo leasing erregimenean izatea edo enpresak lagatako bat izatea.
- Gidabaimena indarrean edukitzea, estatu espainiarrean baliozkoa.
- Zorrik ez edukitzea Galdakaoko Udalarekin, bai zergen arloan, bai beste edozein arlotan ere.
- Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko ibilgailuen eta gidarien erregistroetan agertzen den helbidea erroldatze-helbidearekin bat etortzea.
- Ibilgailuaren baldintzak*: (*Ibilgailuak gaitutako espazioetan eta kalean aparkatzeko Ordenantzaren 11. artikuluan begiratu)
- Sailkapenetan ziklomotorra, turismoa, furgoia/furgoneta, egokitutako turismoa edo ibilgailu misto moldakorra izatea, eta
- Erabilera zehaztuta ez edukitzea edo mugikortasun urriko pertsonentzat, familiarra, lur orotarikoa, taxia, autoturismoa edo etxebizitza izatea.
Urtarrilean zehar TAO zerbitzuaren inguruko xehetasun gehiago emango ditu Galdakaoko Udalak.
Usansolok, momentuz, ez du antzeko neurririk ezartzea baloratu, Usansoloko Udaletik BINKEri jakinarazi dioten moduan. Hori bai, usansolotarrek bisitari bezala ordaindu beharko dute Galdakao osoan aparkatzearen truke —txandakako aparkalekuetan izan ezik—, «dagoeneko ez baita Galdakaoren parte», Galdakaoko Udalak ohartarazi duenaren arabera, «eta usansolotarrek ezin izango dute egoiliarren bereizgarria eskuratu».




