Aperribaiko laugarren igogailuaren obren ondorioz, Aperribai kalea moztuta egongo da 9. zenbakiaren parean gaurtik azaroaren 25era bitarte.
Aperribai auzoko irisgarritasuna hobetzeko obrek aurrera jarraitzen dute eta hurrengo egunetan laugarren igogailuaren dorrea eraikitzen hasiko dira. Lanak direla eta, Aperribai kalea guztiz itxi beharko da 9. zenbakiaren parean, gaurtik 25era bitarte.
Lanek dirauten bitartean segurtasuna bermatzeko egingo da mozketa, makineria astuna erabili eta maniobra handiak egin beharko baitira. Beraz, epe horretan ibilgailuek ezin izango dute kaleko bi noranzkoetan zirkulatu.
Aperribai bidea erabili ahal izango da obrak iraun bitarteko pasabide gisa. Bestalde, aldameneko garaje eta kaleetarako sarbideak behar bezala adierazita egongo dira une oro eta lanak aurrera egin ahala eguneratuko dira, «auzokideen eragozpenak gutxitzeko helburuarekin», Udalak azaldu duenez.
Galdabusaren 1. linea kale horretatik igarotzen da. Beraz, ezin izango du tarte horretan bere ohiko ibilbidea egin itxiera epean, eta Aperribai kaleko 4B zenbakiaren parean egiten duen geldialdia —ibilbideko lehenengo eta azkenengoa— Miguel Unamuno plazan izango da aldi baterako.
Obra hauek Construcciones Olabarri SL enpresak egingo ditu. Horrek arreta bulegoa izango du lanen inguruko edozein gorabehera konpontzeko. Halaber, auzokideek kontsultak edo jakinarazpenak egin ahal ditzaten, 946612034 telefonoa martxan jarri du.
Galdakaoko Udalak «ekintza honek eragin ditzakeen eragozpenenak sentitzen ditu eta auzokideen ulermena eta lankidetza eskertzen du».




