Makina Erremintaren Biurtekoa bisitatu zuen Galdakaoko Udalak, herriko enpresak babesteko

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Atzo amaitu zen BEC-ek astelehenetik hartu duen Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 33. edizioa. Galdakaoko sei enpresek parte hartu dute aurten, eta Udalak azoka bisitatu zuen herriko enpresak babesteko.

Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren 33. edizioa atzo amaitu zen. BEC-ek  34 herrialdetako 1.503 enpresa hartu ditu astelehenetik, eta Europa hegoaldeko industria topaketarik garrantzitsuenetako bat dela berretsi du.

Galdakaoko sei enpresek era bateratuan parte hartu dute azokan Udalaren babesarekin. «Erletxe Industrialdeko Enpresen Elkarteari emandako dirulaguntzaren bidez, haien presentzia posible izan da», azaldu du Udalak.

Formula horrek enpresei stand partekatu batekin joateko aukera eman die, «irudi bateratuaren pean indarrak batzeko eta baliabideak optimizatzeko». Aldi berean, balizko lankidetzei begira, euren proiekzioa eta ikusgarritasuna handitzea ere izan da helburua.

Ekimenean parte hartu duten Galdakaoko enpresak Aplicaciones Termotécnicas, Inymel Ingeniería, Gutiérrez Berasategi Murugarren, Einnek Ingeniería Eléctrica, Servigraf Bizkaia eta Pegamo dira.

Hain zuzen, horiei babesa adierazteko, Galdakaoko Udalak azokara bisita egin zuen eguaztenean, martxoak 4. Iñigo Arriandiaga Galdakaoko alkateak eta Monika Bailon Sustapen Ekonomikoko zinegotziak standak bisitatu zituzten, tokiko enpresa-ehunari babesa adierazteko.

Bertan, Galdakaoko enpresak azokan aurkezten ari diren produktu, zerbitzu eta soluzio teknologikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.

Bisitak enpresei Udalaren babesa helarazteko balio izan zuen, baita haien berrikuntza gaitasuna nabarmentzeko eta gero eta merkatu zorrotzagoetan lehiatzeko egiten duten ahalegina aitortzeko ere. Enpresek Arriandiaga eta Bailonen presentzia eskertu zuten, eta ekitaldian izan duten presentziaren balantze positiboa nabarmendu zuten.

Halaber, Erletxe Industrialdeko Enpresen Elkarteak Udalari esker ona adierazteko plaka eman zien ordezkariei, emandako aukera aitortzeko. «Oso eskertuta agertu dira ekimen berri honekin eta errepikatzeko nahia adierazi dute», nabarmendu du Udalak.

Babes honen bidez, Udalak «sustapen ekonomikoarekin eta industriaren garapenarekin duen konpromisoa berresten du; horrela, herriko enpresek euren hazkuntza eta sendotze bidean garrantzitsua den espazioetan parte hartzea errazten du».

situs togel

situs toto