Apustuak: jokoa ala epidemia bat?
Apustu-etxeak
BINKE / 2019ko apirila
Apustuak: jokoa ala epidemia bat?
TESTUA: Ixone Muñiz Arana
Gizakiok entretenimendu iturriak behar izaten ditugu egunerokotasuneko lan, ikasketa edota arazoetatik une batez bada ere aldentzeko, eta asko izan daitezke horretarako bideak. Azkenaldian, ordea, gizartean indarrez sartu den entretenimendura bideratutako «moda» batek polemika handia sortu du. Apustuak egiteaz ari gara, eta honezkero, asko dira apustuen joko horrek sor ditzakeen adizio eta kalteez serioski arduratzen hasiak direnak.
Aski ezagunak dira orain hiru hamarkada heroinak herritar askoren bizitzetan eragin zituen hondamendi konponezinak. Ezer gutxi zekien gizarteak droga honen inguruan, baina gazte generazio baten zainetan barrura arte sartzea lortu eta horietako asko berarekin eraman zituen betiko. Neurri batean, 80. hamarkadan heroinarekin gertatu zena orain apustuekin pasatuko denarekin alderatzen du Igor Meltxor idazle, ikertzaile eta analista politikoak. Izan ere, orduko garaietan lez, «heroina txutera gonbidatzen zen bezala gonbidatzen zaituzte egun apustu-etxe askok jokatzen hasteko bonoetara». Erkaketa hori egiten du Meltxorrek argituz, lehenengo bono hori oparitu egiten dutela gainerakoak norberak ordainduko dituela jakin badakitelako. Hor hasten da, beraz, «jokoa».
Orokorrean, «joko» horretan «jausteko» geroz eta arrisku handiagoa ikusten da gainera gizartean, azken urteotan Euskal Herrian zein gure lurraldetik kanpo, izugarri hazi baita apustu etxe edo joko-aretoen kopurua. Horrekin batera, noski, apustuak egiteko makinak dituzten tabernen kopuruak ere gora egin du. Gaur egun, 2.100 apustu makina inguru daude EAEn, eta horietatik 1.500 bat tabernetan edo jatetxeetan aurki daitezke. Baina apustuak egiteko modu bakarra ez da makinak dituzten lokaletara joatea, online ere egin baitaitezke. Datuek erakusten dutenez, espainiar estatuan online egiten den jokoaren industria, esaterako, bost urtetan 229 milioi euro irabaztetik 560 milioi irabaztera pasa da.
Apustuen munduan murgildurik dauden enpresa horiek guztiek egiten duten publizitateak, bestalde, hertsiki loturik egon behar du irabazten duten diruarekin. Eta horren adierazle da apustu etxeek publizitatean eta «ongi etorria egiteko bonuetan» gastatzen duten diru kopurua ere makala ez izatea. Espainiar estatuan El Corte Ingles publizitatean gehien inbertitzen duen enpresa izanik —2017an ia 90 milioi euro—, azken honek baino diru gehiago uzten dute apustu etxeetako enpresek urtean zehar, gutxi gorabehera 103 milioi euro denen artean.
Hala ere, apustu enpresek publizitatean uzten duten dirua edo izan ditzaketen irabaziek baino, gizartean alarma gorria, bereziki, apustuek gazteen artean —adingabekoak barne— duten arrakastagatik piztu da, geroz eta gehiago baitira mundu horretan sartzen ari direnak. ETBko 360º programan apustu etxeen gaia jorratu zutenean emandako datuek adierazten dutenez, Bigarren Hezkuntzako ikasleen %33k onartzen du kirol apustuak egiten dituztela, beraz, ikasle guztien heren batek. Gazteen artean apustuak egiteko joera handitu izanak ardura piztu du gizartean, eta ludopaten bataz besteko adina nabarmenki jaitsi izanak ez du horretan laguntzen. Izan ere, datuek diotenez, hamar urte baino gutxiagoan, ludopaten bataz besteko adina 15 urtetara jaitsi da, adinez nagusi direnen azpitik dago zifra, hortaz.
Erantzuteko beharra. Apustuek orokorrean, baina batez ere gazteen artean sor ditzaketen adizioaz gizartea kezkatuta dagoela nabari da, eta herritar asko egoera horri konponbide bat topatzeko nahian hasi dira dagoeneko. Horren harira, eta erantzun bat emateko beharrak hala bultzatuta, pasa den otsailaren 14an, Galdakaoko Ernai taldeak «Jokoa ez da errenta» hitzaldia antolatu zuen: «Apustuen gorakada euskal gazteria gogor kolpatzen ari dela antzeman genuen, eta gaia sozializatzen hasteko aukera egokia iruditu zitzaigun», argitzen du gazte antolakundeak. Hitzaldia Igor Meltxorrek eman zuen, eta Ernaiko kideek diotenez, hitzaldi horrek «batetik, arazoaren benetako dimentsioaz jabetzen lagundu zigun, logika kapitalistari erantzuten dioten interes ekonomiko eta politikoen baitan ematen delako apustu etxeen fenomenoa eta, bestetik, internet bidezko apustuak gazteriaren lehen arazo direlako».
Gazte antolakundeko kideek argi ikusten dute egoerak norabide kezkagarri eta larria hartu duela, ez baitira gutxi inguruan ere eguna apustuetan murgildurik pasatzen dituzten gazteak. Euren hitzetan, apustu etxeen atzean «txanponaren bi aldeak daude: irabazleak eta galtzaileak», eta lehenengoak, hau da, «apustu etxeetako jabeak poltsikoak diruz betetzen ari diren bitartean, milaka gazteren eta ingurukoen bizitzak suntsitzen ari dira». Egoera honi berandu izan baino lehen aurre egin behar zaiola gaineratzen dute Galdakaoko Ernaiko kideek, apustu etxeen atzean «miseria baino ez dagoelako batzuentzat: menpekotasuna, biolentzia, zorrak eta pobrezia».
Hitzaldi berean, Igor Meltxor hizlariak «arazoa eta adizioa gazte eta etorkinetan ikusten hasi dela» azpimarratu zuen. Horrez gain, espainiar estatuan zehar apustu etxeak auzo txiroenetan jartzen dituztela gaineratu zuen, baina Euskal Herrian edonon ikus daitezkeela, «euskaldunok kirola eta apustuak nahasteko izan dugun tradizioaren seinale». Hala ere, eta nahiz eta itxura denez, arazoa handituz doan, Meltxorrek adierazten du «EAEn ez dela interesatzen apustu etxeak debekatzea, enpresa hauen atzean pertsona oso ezagun eta alderdi batzuk daudelako».
Mobilizazioak herrietan. Geroz eta gehiago dira apustuek ekar ditzaketen arazo eta albo-kalteak ikusten eta komentatzen hasiak direnak, baina kasu batzuetan, polemikak «berbaldiaren» mugak ere gainditu ditu honezkero. Honen adibide da Azpeitian azken hileetan gertatu dena. Izan ere, urriaren 31n herrian bertan zabaldu zuten apustu etxearen aurkako ekimen iraunkorra abiarazi zuen Elkar-ekin izeneko taldeak, «urte gutxian apustuen fenomenoak sekulako gorakada» izan duela ikusita eta «honek ekar ditzakeen ondorioez kezkatuta». Urtarrilean hasi zituzten protestak, ostegunero elkartuz eta herrian «apustu etxerik nahi ez zutela» aldarrikatuz. Guztira, hamar elkarretaratze egin dituzte hileotan, eta hamargarrena martxoko azken ostegunean egin zuten.
Elkar-ekineko kideek diotenez, burututako ekimenaren inguruko «balorazioa positiboa izan da», alde batetik, «herriko jende ugari batu delako aldarrikapenetara» eta, bestetik, egindakoa «apustu etxearen aurkako zuzeneko presioa mantentzeko baliagarria izan delako». Gainera, egindako ekintzek Azpeitiko taberna bateko nagusiak lokalean zuen makina txanponjalea kentzeko ere balio izan duela diote ekimeneko eragileek, «herrian apustu etxeen auzia gizarteratzeko abiatutako dinamikek zer pentsatua eman diotelako». Herritarrek argi dute hori dela bidea, eta gainerako lokaletako jabeak gauza bera egitera animatzeaz gain, ekimenarekin jarraitzeko erabakia erakutsi dute: «Behin honaino iritsita ez dugu atzera egingo, eta hurrengo pausoa asteotan herriko tabernetan dauden makinen inbentarioa egitea izango da».
Hala ere, Azpeitikoa ez da izan herrietan apustu etxeen kontra egin duten mobilizazio bakarra, adibidez, Gasteizko Judimendi auzoan ere polemika honen kontra altxatu baitira. Pasa den larunbatean «Judimendik joko-aretorik ez» dinamika abiarazi zuten hainbat herritarrek, inguruan bertan duten joko-aretoak «bertako auzobizitza arriskuan jarriko duenaren beldur». Horretarako bi proposamen luzatu dizkiete auzokideei: bata, joko-aretoarekiko «desadostasuna erakutsiko duen txapak» soinean eramatea eta, bestea, lokal horren «aurkako jarrera erakutsiko duten banderolak» zintzilikatzea. Horrekin batera, «aretoan ez kontsumitzeko konpromisoa hartzera» animatzen dituzte herritarrak.
Osasuna jokoan. Herritarrak apustuen «epidemiarekin» kezkaturik daudela begi-bistakoa da, eta herrietan antolatzen ari diren ekintza zein hitzaldiak dira horren erakusle. Hala ere, apustuek sor dezaketen menpekotasunaz ohartarazteaz gain, adizioan jausi direnak laguntzea ere ezinbesteko lana da, eta Bizkaian horretaz arduratzen den profesional talde ezagunenetarikoa da Ekintza Aluviz elkartea. Ludopatia pertsonek modu konpultsiboan jolaserako eta apustuak egiteko beharrizana sentitzen dutenean gertatzen da, eta honek negatiboki eragiten dio kaltetuari, baina baita bere familia eta ingurukoei ere. Ekintza Aluvizeko kideek —eta gaian adituak diren beste hainbatek— diote jokorako adizioa ez dela bizio bat, gaixotasun bat baizik, eta garrantzitsua dela gizarte osoa ere horren jakinaren gainean egotea.
Hainbat dira errehabilitazioan dauden edo egon diren pertsonak, eta horien testigantzak ere bildu izan dira maiz. ETBko 360º programan, esaterako, elkarrizketatuetako askok onartzen zuten arazoak izan dituztela apustuekin, eta ez dela erraza izan bertatik irtetea. Batzuek aitortzen dutenez, «jokatutako lehenengo apustua irabazi izana izan da arazoa», harrezkeroztik apustuak egiten jarraitu baitzuten. Gainera, jokoan sartuta egon diren askok diote «momentuan bertan irabaziak baino ez zituztela ikusten», eta «zaila zela konturatzea galtzen ari ziren diru kopuruak irabaziak gainditzen zituela».
Bestalde, gehienak bat datoz diotenean hasieran jolas soila zena, beste zerbaitetan bihurtzen hasi zela gero: «Hasieran gurasoei egia esaten nien, baina gerora, apustuak egiten joateko aitzakiak eta gezurrak asmatzen hasi nintzen, eta gurasoei diru dezente lapurtzera ere heldu izan naiz», dio errehabilitazioan dagoen 20 urteko gazte batek.
Txanponaren beste aldea. Apustuek eta jokoak azkenaldian eragin dituzten kontrako iritzi anitz plazaratu ditugu orain arte, baina beste gehienetan bezala, txanponak, kasu honetan ere, beste alde bat du: apustuen edota jokoaren munduan lan egiten dutenen ikuspegia.
Galdakaon, adibidez, badago joko-areto bat, non mota guztietako makinak aurkitu daitezkeen. Bertako ugazabarekin harremanetan jarri da Binke, baina honek ez ditu Binkeren galderak erantzun nahi izan, bere lokaleko makinak kudeatzen dituen enpresako buruak hala aginduta, «une honetan Eusko Jaurlaritzarekin lege aldaketaren bat negoziatzen» ari direlakoan. Hala ere, aretoko arduradunak argi utzi dio Binkeri karnetak «beti» eskatzen dituztela, «adinez txikikoa izan daitekeela uste dugunean». Gainera, kontrolak eta ikuskapenak «astero eta edozein ordutan» jasotzen dituztela dio, eta azken aldian apustuak «gerra pixka bat» ematen ari direla onartu badu ere, eurek arazorik inoiz izan ez dutela azpimarratu.
Galdakaoko joko-areto honetan bezala, beste lokal batzuetan ere —tabernak barne— apustu etxeek hainbat enpresatako makinak izaten dituzte. EAEn RetaBet, Codere eta KirolBet dira makina horiek kudeatzen dituzten hiru enpresa handienak, eta Binkek euretariko birekin harremana izan badu ere, batek erreportaje honetan parte hartzeko ezezkoa eman eta besteak «denbora» eskatu dio medio honi erantzun ahal izateko. •