
ARGAZKIAK | Gorka Urbizuk lepo bete zuen Galdakaoko Torrezabal
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gaizka Peñafiel
Urtarrila eta ekaina bitarteko azken ikuskizuna izan zuen Torrezabal Kultur Etxeak barikuan. Eta areto nagusia lepo beteta agurtu zuen urteko lehenengo seihilabeteko egitaraua Galdakaok, ohorezko gonbidatu baten bitartez: Gorka Urbizuk bere bakarkako ibilbidearen lehenengo kontzertua eskaini zuen hilaren 13an. Bertan izan zen Gaizka Peñafiel argazkilaria, eta kontzertuko 12 irudi eder bidali dizkio BINKEri.
Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeko egitarau zabalaren barnean, urtarrilean aurkeztu zuten areto nagusiko eskaintza kulturala. Agenda horren barne, eta uda aurreko egitaraua amaitzeko, Gorka Urbizu musikariaren kontzertua programatu zuen Galdakaoko Udalak. Bere bakarkako ibilbideari ekin dionetik, Lekunberriko sortzailearen lehenbiziko kontzertua Galdakaon. Eta aurreikuspenak beteta, sarrerak salgai jarri ziren egun berean agortu ziren denak urtarrilaren 13an bertan, BINKEk adierazi zuen bezala.
Barikuarekin iritsi zen, bada, Peiremans, Berri Txarrak, Katamalo eta Nahi eta Naiez taldeetan egindako ibilbide oparoagatik ezagun egin zen musikaria bakarkaka —beste lau musikariz lagunduta— entzuteko aukera. Aukera hori ez zuten galdu nahi izan ehunka galdakoztarrek ekainaren 13an, ezta inguruko herrietatik Torrezabal Kultur Etxera gerturatu ziren musikazale askok eta askok ere.
Lepo bete zen iragan barikuan areto nagusia Gorka Urbizu zuzenean entzuteko, eta ‘Hasiera bat’ diskan batutako artelanek ez zuten hutsik egin zuzeneko ikuskizunean ere interpretatuta.
Bertan izan zen Gaizka Peñafiel argazkilaria, eta ondoko 12 argazki ederrak utzi dizkio BINKEri:











