«Ariketa terapeutikoak», Iera Garcia
Iera Garcia Gonzalez
BINKE / 2020ko urtarrila
Ariketa terapeutikoak
Azken ikerketek diote minaren aurrean ariketa fisikoa ona dela. Hala ere, errezetatzat hartu beharko genuke eta kasu bakoitzari egokitutako denbora, frekuentzia, intentsitate eta maiztasuna eman; norberaren osasun egoerara egokitu, aurrekariak, momentuko egoera funtzionala eta finkatutako helburuak kontuan izanik. Horren arabera eta norberaren zaletasunak kontuan izanik ariketa programa diseinatu beharko da. Horregatik jakintza eta esperientzia duten profesionalen esku jartzea da egokiena, beharrezkoak diren patologia eta mugimenduaren kontzeptuak dominatzen dituztelako. Legediak dio, fisioterapeuta izan behar dela eta ez osasun arlokoa den beste inor. Honek gaitasuna du historia kliniko egoki bat egiteko, ondorengo pronostiko eta ariketa programa gauzatzeko. Gaur egun, Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzietan Graduatuek ere badute hankatxoa osasun munduan sartuta eta badaude legediaren barruan osasun arloko profesional bezala jarduteko bidea egiten. Beraz, patologiarik izanez gero eta funtzionalitatea hobetzeko asmoz bazaude, hauen esku jar zaitez. Horrela soilik izango duzu segurtasunarekin lan egitearen bermea.