Auto batek istripua izan eta kalte materialak eragin ditu gaur Plazakoetxen
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Jesus Cano Garcia
Egunak argitu aurretik Plazakoetxeko auzokideak ezbehar batekin esnatu dira gaur 06:30ean, gidari batek autoa horma baten aurka jo duenean. Udaltzaingoarekin hitz egin du Binkek, gertatutakoa argitzeko.
Goizeko 06:30ean izan da ezbeharra Galdakaoko Plazakoetxe inguruan, gaur zapatua 28, gidari batek Juan Bautista Uriarte kaleko seigarren zenbakiaren parean autoa «bere kontu» horma baten aurka jo duenean. Hala kontatu dio Udaltzaingoak Binkeri, eta zauriturik egon ez dela ere ziurtatu.
«Sortutako kalteak materialak baino ez dira izan», baieztatu dio Udaltzaingoak hedabide honi, eta beraz datozen egunetan ikusi beharko dute ezbeharra aztertzeko ardura duten erakundeek zer ordaindu beharko duen gidariak. Bada, Plazakoetxeko hormatxo bat apurtzearekin batera bidean zegoen trafiko seinale bat ere bota baitu gidariak.
Autoaren muturra txikituta geratu da eta —sareetan auzokide batek zabaldu dituen bideoetan ageri denaren arabera— ibilgailuaren arduraduna ez dirudi gidatzeko baldintzetan zegoenik, zabu-zabuka ikusten baitzaio zabaldutako irudietan.