Duela hiru urte Auzoak Galdakao proiektua bultzatu zuen asanbladak —gehienek proiektua utzi dute— komunikatua argitaratu du, azken egunetako informazioek «ez dutelako errealitatea islatzen». Plataforma sortu zuten 21 kideetatik lauk baino ez dute parte hartzen gaur eguneko proiektuan. Hauxe da Auzoakeko kide ohiek BINKEra bidali duten komunikatu berria, eta hauek dira proiektutik alde egin duten pertsonen izen-abizenak.
Pasa den barikuan Galdakaoko Udal Gobernuko kide den Auzoak plataformak proiektuari amaiera ematen ziola iragarri zuen sare sozialen bitartez: «Hausnarketa sakon eta kolektibo baten ondoren, jakinarazi nahi dizuegu Auzoak elkartea osatzen duen gehiengo batek proiektu honi amaiera ematen diola».
Adierazpen hori irakurri ostean, Udaleko zinegotziekin jarri zen harremanetan BINKE, eta zinegotzietako batek argi eta garbi erantzun zion sareetako adierazpen horri: «Ez da egia, eta Auzoak ez da desagertuko».
Ildo horretatik, komunikatu bat argitaratu zuen egun batzuk beranduago plataformaren barruan jarraitzen duen taldeak. Bertan, ez dutela «ezer ezkutatzeko» azpimarratu zuen, eta elkartean ez dauden pertsonei komunikazio-kanalen gakoak itzultzeko eskatu zien, BINKEk jaso zuen moduan.
Horri erantzunez, duela hiru urte Auzoak Galdakao proiektua bultzatu zuen asanbladak —gehienek proiektua utzi dute— komunikatua argitaratu du, azken egunetako informazioek «ez dutelako errealitatea islatzen».
Santiago Amillano Martínez, Pedro Gabella García, Arturo Gamarro Rodríguez, Olaia Parra Mezo, Gerardo Brossy, Zaloa Urrutikoetxea Portugal, Asier Martínez González, Leticia Corona Guijarro, Sandra Baz Peña, Raul Madrazo Manteca, Norma Liliana Sanabria Reyes eta Itxaso Alonso Arana kide ohiek sinatu dute adierazpena, eta bertan 2023an Auzoak plataforma sortu zuen 21 pertsonako taldetik lauk —Udal Gobernuaren parte diren bi zinegotziek eta beste bi kidek— baino ez dutela jarraitzen azpimarratu dute.
«Beraz, ez da egia zinegotziek zabaldutako jarrera jatorrizko proiektuaren gehiengoa ordezkatzen duenik, publikoki iradoki den bezala», nabarmendu dute kide ohiek.
«Talde minoritario batek Auzoak izenarekin jarduera instituzional edo politikoarekin jarraitzea erabaki eztabaidagarria da, eta ezin da aurkeztu proiektu kolektiboaren jarraipen gisa, urte hauetan batzarrak pentsatu, landu eta sostengatu duen proiektuaren jarraipen gisa», azpimarratu dute.
Bestalde, proiektua uzteko arrazoiak ezagutzera eman dituzte: «Erabakiak ez dio gertaera puntual bati erantzuten. Agintaldi honen hasieratik, Auzoak elkarteko bi zinegotziek Auzoak elkarteari bizkarra emanez hartu dituzte erabaki garrantzitsuak Udalean. Horregatik, ezin izan ditugu batzarrean erabakiak eztabaidatu eta bozkatu».
Azkenik, gezurtatu dute disidentziari eta kanalen jabetzeari buruz argitaratu den informazioa: «Taldeko kanalak erabili ditugu proiektuaren gehiengoak hartutako erabaki bat jakinarazteko».
Hemen deskargatu daiteke Auzoak Galdakao proiektua bultzatu zuen asanbladak BINKEri bidalitako komunikatu osoa, hitzez hitz.





