«Bai bizkor gabiltza», Joanes Urkixo
Zabalean
Joanes Urkixo Beitia
BINKE / 2022ko abendua
Orain dela aste batzuk galdakoztar asko poztu dituen albistea aldarrikatu zen, 2027 urtean Metroa Galdakao eta Usansoloko ospitaleraino iritsiko omen dela. Etorkizunean, beraz, «plaza gorrian» sartu eta hamar minuturen buruan Bilboko erdigunean agertzeko abagunea izango da.
Honek ondo islatzen du gure zibilizazioaren funtsa den etengabeko azelerazioa. Alegia, milaka urtetan toki guztietara dela oinez, edo mandoaren edo zaldiaren indarrez joaten ibili ostean, azken mende eta erdian egundoko abiadura hartu dugu.
Lehenengo trena 1882an heldu zen, Zuhatzura heldu ere, inguruko fabrika eta lantegiei hobekuntza handia ekarriz. Baina geltokia hiribildutik urrun zegoela eta, artean biztanleen garraioa hobetzeko tarte handia zegoen. Tranbiak aurrerapausotxoa ekarri zuen, herria Guturribai eta Torrezabal aurretik inguratzen bazuen ere geltokia behintzat Plazakoetxen izan zuelako.
XX. mendean sartuta lotuko zen, azkenik, Galdakaoko hirigunea Bilborekin, aurreneko autobus linea sortu zenean. Nire aititaren anaia nagusiek muntatu eta kudeatu zuten tarte batean eta tranbiak halako ibilbidea zuen, Zuhatzun, Arkotxan, Arizen, Kaleron eta Boluetan zehar. Luzea eta, trafikoa handituz joan ahala, sano gorabeheratsua.
Luzaro itxaron genuen galdakoztarrok harik eta, 60ko hamarkadan, autobusa Begoñatik joan-etorria egiten hasi zen arte. Harrezkero bai bizkor gabiltza, lege fisikoen mugetara minuturik minutu hurbilduz. Metroa mugarritzat hartuta, aurrerantzean auskalo dron-taxiz, bat-bateko telegarraioz edo metabertsoan egingo ote dugun saltoa Bilbora.