Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak egiteko pausoak ematen hastea onartu zuen udalbatzak

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Galdakaoko udalbatza ez ohiko deialdian bildu zen atzo, puntu bakar baten inguruan erabakia hartzeko. Eremu komertzial izendapena duen arren horretarako eskaerarik izan ez duen Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak egiteko pausoak ematen hastea onartu zuen udalbatzak, aho batez.

Ez ohiko deialdian bildu zen atzo goizean Galdakaoko udalbatza eta gai bakarraren inguruan aritu ziren alderdiak: Bengoetxeko lur eremu bat.

Zehazki, eremu komertzial izendapena duen arren sekula horretarako eskaerarik izan ez duen Bengoetxeko lur eremu batean etxebizitzak egiteko pausoak ematen hastea onartu du udalbatzak aho batez.

«Helburua da UEBE-2 egikaritze unitateko eremu komertziala bizitegi eremu lez kalifikatzea, etxebizitza libreak eta babes publikokoak eraikitzeko», azaldu zuen Asier Egiraun Hirigintza zinegotziak. Horretarako, Galdakaoko Udalak, Durruti XXI, Saema, Zeletxe 2005 eta Zuatzaurre enpresekin hitzarmena egingo du.

Erabilera aldatzeko erabakia metroaren etorrerak ere indartu du. Izan ere, «bizigune eremu berria mugikortasun zein irisgarritasun irizpideei lotuta egongo da, eta metroaren etorrerak sortuko dituen aukerak herriaren beharrei erantzuteko aprobetxatuko baitira», azaldu du Udalak.

Bideragarritasun ekonomikoa bermatuta egongo dela azaldu zuen ere Egiraunek, enpresek eraldaketa urbanistikoaren eta urbanizazioaren kostu guztiak beregain hartuko dituztelako. Horrez gain, lanak egin ahala ordaindu beharreko plusbaliak direla eta, Udalak 2,8 milioi euro inguru jasoko ditu eta diru hori beste proiektu batzuetan inbertitu ahal izango du.

Neurria Udal Gobernuak bultzatzen duen etxebizitza politikarekin bat datorrela ere zehaztu zuen zinegoztiak, «herrian babes publikoko etxebizitzak sortzea» ekarriko duela gogoratuta. Hain zuzen, eraikiko diren etxebizitzen %40 babestua izatea onartuko dute eraikuntza enpresek.

Hirigintza zinegotzi eta EH Bilduren bozeramaile gisa aritu den Egiraun zinegotziaren azalpenez gain, Koldo Goioaga EAJren zinegotzia izan zen hitza hartu zuen bakarra eta egitasmoa «oso interesgarria» dela adierazi zuen. Egiraunek batzordeetan egindako lana eta udal talde guztien babesa jaso izana eskertu zuen.

situs togel

situs toto