Bilbotik Galdakaorako bidegorriaren aldeko XIV. martxa bihar izango da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Biziz Bizi elkartea
Bihar, urtarrilak 28, Bidegorria Galdakaora Orain ekimenaren XIV. martxa antolatu du Biziz Bizi elkarteak, Bilbo eta Galdakao batzen dituen bidegorria eskatzeko. Ibilbidea goizeko 11:00etan hasiko da hiriko Bizkaiko Foru Aldundiaren eraikinetik.
Pausoz pauso baina gelditu gabe, Biziz Bizi elkarteak Bilbo eta Galdakao batzen dituen bidegorria eskatzen jarraitzen du. Orain arte hainbat martxa antolatu dituzte, Binkek jasotako moduan, eta bihar berriz egingo dute bi herriak batzen dituen ibilbidea.
Bidegorria Galdakaora Orain ekimenaren XIV. martxa goizeko 11:00etan irtengo da Bilboko Foru Aldundiaren eraikinetik (Gran Vía kalea, 25) eta guztira 25 kilometro egingo dituzte. Ohi den bezala, Etxebarri eta Basauritik igaroko dira, eta azkenik Galdakaora helduko dira. Elkarteak jakinarazi duenez, ibilbidean zehar trena edo metroa hartzeko aukera izango dute parte-hartzaileek.
«Itsasadarreko bidegorria aurrera ateratzea lortu genuen, Zorrotza eta Barakaldo lotzea lortu genuen, Bilbo eta Basauri artean egingo da berehala. Orain Ibaizabalen txanda da, Galdakaorekin bat egitea beharrezkoa da!», aldarrikatu dute Biziz Bizi taldetik, parte-hartzera animatuz. «Orain bai, lor daiteke!», azpimarratu dute.