«Bizia salbatu didatenei», Txaro Fernandez
Iritzia
Txaro Fernández
BINKE / 2022ko otsaila
Bizia salbatu didatenei
Oraindik oso ahul badago ere, Txaro Fernandez usansolotarrak hitz hauek idatzi gura izan ditu Binkeren bitartez, Covid-ak jota ZIUtik irten berri dagoela, Galdakao-Usansolo Ospitaleko langileei eskerrak emateko: «Mila esker urteak betetzeko bigarren data bat emateagatik».
Lerro batzuk ez dira nahikoa Galdakao-Usansolo Ospitalean bizia salbatu didatenei eskerrak emateko. Aspalditik biriketako gaixotasun interstizial batek jota, Covid-a hartzeak ez zuen ezer onik iragartzen, eta pronostikoak bete egin ziren. Gaixotu eta egun batzuetara ospitalera eraman behar izan ninduten. Egunetik egunera okerrera nindoan, eta astebetean Zainketa Intentsiboen Unitatean amaitu nuen, nigatik borrokatu eta aurrera egiteko aukera eman zidan mediku bati esker. Eskerrik asko, Lander Altube.
Mila esker, eta eman daitezken guztiak ere, Galdakao-Usansolo Ospitaleko ZIUko eta 9B solairuko osasun-langile guztiei. Guzti horien artean, Ziortza Olalderi eta bere talde paregabeari ere esker bereziak eman gura dizkiot. Langile guztien tratu bikaina nabarmendu gura dut, osasun-arlokoena noski, baina baita garbitzaile eta zeladoreena ere.
Pandemia betean urteak bete arren ere, pazienteak lehenengoa balira bezala tratatzen jarraitzen dituztelako, gainbeheran erori gabe, eskuzabaltasunez eta profesionaltasun goraipagarriz. Mila esker gu zaintzen jarraitzeagatik, sendatzeagatik eta mimatzeagatik; eta, nire kasuan, urteak betetzeko bigarren data bat emateagatik.
Eskerrik asko, bihotz-bihotzez.