«Bost mezu nahiko txatxu, besterik gabe», Irati Bediaga

Argazkia: BINKE.

Urtea hasi dugun honetan gai askori idazteko arrazoiak daude, baina hortarako behar den zilegitasun-jakituria-ausardia gutxi. Gai batzuk urrunegi, beste batzuk hurbilegi. Lotsa, informazio faltarekin mikroa hartzeko, biluztasun askorekin jendaurrean agertzeko. 

Beraz, hurrengo lerrootan, gabonetako ohiko elkarrizketetan gertatu ohi den antzera, hitz erosoak. Eta gabonak aitzaki, denbora tarte horretan maiz jasotzen diren mezu nahiko txatxuen zerrenda laburra egitea erabaki dut. 

1- Abenduak 7, kuadrilakoak: Zein loteria zenbaki hartuko dugu aurten? Objektiboki dirutsa irabazteko probabilitatea %0,000001 da (ziurrenik jarri eskuman zero gehiago). Ideologikoki estatu arrotz bati dirua oparitzearen eta joko patologikoari apologia egitearen aurka nago. Fisiologikoki, Bilbon behintzat, ilarak luzeegiak izaten dira hotzarekin itxaroten egoteko. 

2- Abenduak 26, ezagun batek: Nortzuk elkartu zarete aurten gabon gabean? Ama eta biok. Hurrengo galdera begi zabal-bekain okertuek egin dute: bakarrik? Hurrengo erantzuna irribarre xume zintzoak: bai. 

3- Abenduak 28, SPA dotore bateko idazkariak: Opari-txartela erakutsiko didazu mesedez? Ez da opari bat, edo nire buruari egin diodan opari bat da. Urte berrirako dudan helburuetariko bat dut: beharrezkoak ez diren “kapritxoak” neure buruari baimentzea. Orain arte super gogokoa dudan super garestia den dendan erosi izan ditudan super trufa goxo-garestiak beste batzuei oparitzeko izan dira. Eta agian niretzat dira goxoenak, agian besteek berdin-berdin baloratuko lukete Nestlé Caja Roja. 

4- Kanpaikada ondorengo Whatsapp emotikonoak: Alkohola, jaia, alkohola, dantza, alkohola.Alkohola penak itotzeko denean larritu egiten gara. Alkohola jaiak ospatzeko beharrezkoa denean ere larritu beharko ginateke. 

Errutinak eta garraio publikoaren ordutegiak hankaz gora dauden egunotan (halakoetan sarri kritikatu izan ditudan errutinak eta garraio publikoak bizitza errazten didatela ohartzen naiz) nire emotikonoak: liburua, ohea eta bi mendi tontorren artetik egunsentia (azken hau apur bat utopikoa). 

5- Urtarrilak 2, igogailuan auzokideak: Urte berri on! Zelan hasi duzu urtea? Zalantzak izan ditut nondik hasi: psikologikoki, fisikoki, sozialki, ekonomikoki… Bera hirugarren solairura, ni laugarrenera. Beraz: Ondo, eta zuk? Ondo ere, ezin gara kexatu, hori bai, hotz handia. 

Amaiera garaietan ez gaudenez, urte bete aurretik, testua modu borobilean bukatzeko presio gabe behintzat, egun berri ahalik eta atseginena biharko
ere Binkekideok! 

Oharra: Promozio apur bat egite aldera, Rara liburua argitaratu berri dut. Egin izan didaten ohiko galdera: Autobiografikoa da? Ba apur bat ez, apur bat bai. Hemen ere antzera: Tamalez, denbora lartxo Spa batera joan gabe. Mila esker ama, gabon gaba atsegina eskaini genion elkarri. 

situs togel

situs toto