Idoia Allue, Johanna Malhuenda, Bego Gonzalez eta Elixabete Arbe 2021en hasi ziren GR11 zeharkaldia egiten txakurrekin batera, etapaka. Ibilaldiek emandako guztia ezagutzera eman eta emakumeak ahalduntzeko asmoz, Elkarregaz proiektua sortu dute aurten. Horren inguruan hitzaldia eskainiko dute bihar Galdakaon, eta haiekin hitz egin dugu hitzorduaren atarian.
GR11 mendi zeharkaldia hasi zuten Idoia Alluek, Johanna Malhuendak, Bego Gonzalezek eta Elixabete Arbek 2021ean eta ordutik Pirinioak zeharkatzen ibili dira urtero, etapaka. Orain Elkarregaz proiektua sortu dute, bizitako guztia ezagutzera eman eta emakumeak ahalduntzeko asmoz, eta hitzaldia eskainiko dute Galdakaon, Mendi Astearen baitan.
GR11 zeharkaldi bat baino gehiago dela esan duzue. Zer da zehazki? Guretzako oso esperientzia aberasgarria izan da. Amesteko txokoa, hausnartzeko gunea, sormena lantzeko tokia, sentimenduak askatzeko espazio segurua… Pirineoetan bizitako guztiak emakume eta mendizale moduan ahaldundu gaitu, baita erabaki pertsonal eta profesional garrantzitsuak hartzen lagundu.
Noiz hasi zineten proiektu honekin? 2021ean hasi ginen zeharkaldiaren etapa batzuekaz eta urtero oporrak egokitu doguz proiektuagaz aurrera egiteko. Pasa den urtean Johanna haurdun zegoen eta ezin izan zuen parte hartu. Horregatik aurten, laurak batera, falta zitzaizkigun azkenengo bi etapak —Conangles-Espot— egin doguz.
Txakurrekin nola modaltu zarete? Hasieratik argi geneukan gure proiektuaren parte izan behar zutela. Ezin ulertu mendira haiek gabe joatea. Hori bai, ardura handia da halako zeharkaldi batean hiru txakur eroatea eta logistika ere pixka bat konplikatzen da. Zeharkatzen genituen Parke Nazional eta Naturalen araudia eta mapako mugak ere arretaz irakurri behar genituen, hainbat ingurutan ez baita posible haiekaz aske ibiltzea. Baina dudarik gabe, merezi izan du, guk beste disfrutatzen baidute eta guk haiek hain pozik ikusten are gehiago gozatzen dogulako.

Mendian hainbeste denbora elkarrekin igarota, lauron arteko harremana hobetu da? Bai, erabat. Gure arteko harremana asko sendotu da eta Elkarregaz proiektua sortu dogu. Emakumeak mendian eta mendiaren bitartez ahalduntzeko proiektua, hain zuzen ere.
Zer ikasi duzue zeharkaldian zehar? GR11 bezalako zeharkaldi bat autonomian eta txakurrekaz egiteak aurretik egindako planifikazioa eskatzen dau: mapa fisikoak eroan, trackak GPS-an eta sakelekoan sartu, elurra bidean topatuko dogun aztertu eta material egokia eroan, iturriak, supermerkatuak, aterpe gordeak eta libreak ibilbidean kokatu, lo egin genezaken guneak aztertu, ihesbideak ibilbidean zehar kokatu (badaezpada gutako nonor edo txakurren bat lesionatuz gero, nora joan jakiteko)… Motxilan sartzen doguna oso garrantzitsua da baita bizkarrean daramagun pisua ere. Eta urtez-urte hainbat gauza ikasten jun gara, agian garrantzitsuena, beharrezkoa baino ez dana eroaten ikasi izana.
Zein izan da bidean aurkitu duzuen erronkarik handiena? Seguraski laurak data baten urtero kointziditzea eta GR11ren proiektua taldeko guztiok lehenestea. Ilusioz hasi genuen proiektua, elkarregaz amaitu ahal izatea, hain zuzen ere.
Noiz hasi zen zuen mendizaletasuna? Johanna eta Elixabeteri txikitatik datorkie mendizaletasuna baina Bego eta Idoiari pixkat aurrerago heldu zaie, Begok beste zaletasunak zituelako eta Idoia 24 urte izan arte Venezuelako kostaldean bizi zelako. Euskal Herrira bueltatu zenean berehala mendiartean ibiltzen eta gozatzen hasi zen. Eta gu laurok mendien ezagutu dogu elkar, non bestela?
Zer da mendiak eskaintzen dizuen onena?Askatasuna eta lasaitasuna. Mendia terapia dogu. Ezin bizi natura inguruen egon barik. Bizitzarekiko ikuspegia zabaltzen dosku eta arazoei aurre egiteko ildoak errezago aurkitzen laguntzen dosku. •





