Bihartik, otsailak 9, aurrera Erletxe industrialdera N-634 errepidetik sarbidea behin betiko itxiko da ibilgailuentzat eta BI-2713 errepidetik sartu beharko dira.
Bizkaiko Foru Aldundia Erletxetik Boroara doan bizipista eraikitzeko proiektuaren barruan egiten ari den obrak aurrera darrai. Horren ondorioz, N-634 errepidetik Erletxe industrialdera sartzeko bidea behin betiko itxiko da bihartik, otsailak 9, aurrera.
Errepide horretako sarbidea dagoen tartea erabileraz aldatuko da eta bizipista martxan jartzen denetik aurrera, txirrindulariek eta oinezkoek bakarrik erabili ahal izango dute.
Horrenbestez, aurrerantzean, Erletxeko industrialdera sartzeko era bakarra BI-2713 errepidean dagoen elkargunea izango da. Hala ere, salbuespenez, N-634tik dagoen sarbidea larrialdietan edo industrialderako sarbidea aldi baterako ixten denean erabili ahal izango da.
Galdakaoko Udalak «herritarren eta industrialdeko erabiltzaileen ulermena eta lankidetza eskertu ditu, eta obra hauek mugikortasun jasangarriagoa eta erosoagoa sustatzeko helburua dutela gogorarazi du».




