Gaur goizean hasi da Fernando Izagirre galdakoztarraren kontrako epaiketa, DYAko presidente zenean ustez 4,7 milioi euro faltsutzeagatik. Fiskaltzak zazpi urteko kartzela-zigorra eskatu du Izagirrerentzat. Baina, zer dakigu gaurko saioaren inguruan?
Fernando Izagirre galdakoztarra DYAko presidente izan zen garaian –2016-2021– ustez egindako irregulartasunengatik ikerketa zabaldu zuten 2022an eta hiru urteren ostean, gaur hasi da epaiketa.
Goizean, 09:30ean, hasi da epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian eta aurretik mariatxi talde batek harrera egin dio Izagirreri, bere jarduna salatzeko egunkari mozketak erakutsiz.
Bihar jarraituko du epaiketak eta Fiskaltzak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Galdakaoko Udaleko EAJko buru eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologiako zuzendari izandakoarentzat. Gainera —orduko Diego Gallardo bere bazkidearekin batera—, DYAtik ustez eramandako 4,7 milioi euroak elkartera bueltatzea ere eskatu dio fiskalak.
Fiskaltzaren ustez «egiaztatuta dago» Izagirre ados jarri zela bere bazkidearekin 2011 eta 2016 artean 4,75 milioi euroko etekin ekonomikoa lortzeko, eta diru kopuru hori DYAtik desbideratu zutela bere jabetzako Emerplus enpresara. Fiskaltzak gogorarazi du, halaber, DYA jendearen dohaintzetatik finantzatzen dela.
Gaurko saioan, ordea, lekukoek eta perituek deklaratu dute. Lekukoek baieztatu dutenaren arabera, «bost milioi arteko transferentziak egin ziren elkarren artean lotutako enpresetara». Diru transferentzia horiek prestamo kontzeptupean egiten omen ziren.
Transferentziak argiak omen dira, «egiaztagarriak», baina gaurko adierazpenen artean inork ez du esan diru bidalketa horiek kontu korronte pertsonaletan amaitu izan dituztenik.




