Galdabusak, Galdakaoko autobus publikoak, 100.556 erabilera izan zituen 2025ean. Aurreko urtearekin konparatuz, %8,81ko igoera izan zuen.
Galdabusa 2023ko udan jarri zen martxan, %100 elektrikoa den zerbitzu gisa, eta hiru helburu nagusirekin: auzoen arteko komunikazioa eta kohesioa hobetzea, udal eta merkataritza zerbitzuak herritarrengana hurbiltzea, eta mugikortasun eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea.
Pixkanaka-pixkanaka, herritarren eguneroko ohituretan txertatzen ari da eta 2024an 92.411 erabilera izan zituen. Iaz aldiz, kopurua 100.556 bidaiara igo zen. Hortaz, 2025ean %8,81ko igoera izan zuen Galdabusaren erabilerak aurreko urtearekin konparatuz.
Gaur egun, autobusak Galdakaoko auzo eta ekipamendu estrategikoak lotzen ditu, eta osasun zentrora, kirol instalazioetara, ikastetxeetara, euskaltegietara, tren geltokira edo Torrezabal bezalako kultur espazioetara iristea errazten du. Halaber, galdakoztarrak herriko merkataritza eta ostalaritza guneetara ere hurbiltzen ditu, herriaren bizitza ekonomiko eta sozialaren ardatz nagusietakoak.
«Zifretatik harago, bidaia kopuruaren hazkundeak zerbitzuak herriaren benetako behar bati erantzuten diola eta mugikortasun eredu orekatuago eta jasangarriago baten alde egiten duela erakusten du», adierazi du Galdakaoko Udalak, zerbitzua aztertu eta fintzeko lanetan ari dela nabarmenduz.
Horretarako, erabiltzaileen asebetetze maila zein behar nagusiak ezagutzeko, inkesta egingo da datorren astean, otsailaren 23tik 27ra bitartean. Ikerketa autobusetan bertan eta kalean egingo da, eta azterketa egiten ari den enpresak 10 minutu ingurutan erantzun daitekeen inkesta laburra prestatu du, erabiltzaileek «modu eraginkor eta arinean betetzeko» pentsatua.
Landa lanaren bidez, ohiko zein aldizkako erabiltzaile diren pertsonen iritziak jasotzea da helburua, eta beraz, «parte hartzea eskertzen du Udalak, zerbitzua nola ematen den aztertzeko, baita iradokizunak eta hobekuntza proposamenak jasotzeko ere».




