«Boikot Israel, Palestina Askatu» lemapean, elkarretaratzea deitu du Galdakao Palestinarekin herri ekimenak. Bihar izango da, Iturrondo plazan.
Galdakao Palestinarekin herri ekimenak elkarretaratzea deitu du biharko, 19:00etan, Iturrondo plazan. Mobilizazioa herritar guztiei irekia izango da, «Boikot Israel, Palestina Askatu» lemapean.
Palestinako herriak pairatzen duen genozidioa salatzean eta Carrefour multinazional frantziarrari boikot aktiboa eskatzean oinarrituko da mobilizazioa, «Carrefourrek okupazioarekin eta legez kanpoko asentamenduekin duen erantzukizunagatik».
Plataformak azaldu duenez, data aukeratzea ez da kasualitatea: martxoaren 30aren bueltan, Palestinar Lurraren Eguna. Egun hori 1976ko sarraskia gogorarazteko data berezia da, izan ere, sei gazte palestinar hil baitzituzten beren lurrak desjabetzearen aurka protestatzen ari zirela.
«Funtsezkoa da salatzen jarraitzea eta gogoratzea okupazioa, apartheid-a eta indarkeria sistematikoak gaur egun ere jarraitzen dutela, egoera geroz eta larriagoa dela gu guztion begiradaren eta nazioartearen isiltasunaren aurrean», adierazi du erakundeak.
Ekimenak datozen hilabeteetarako ekintza egutegi bat ere iragarri du, «basakeria ez normalizatzeko, genozidioa gelditu eta Palestinako herriaren eskubideak onartu arte presioa egiten jarraitzeko».




