Galdakaok BBK Mendi Martxak proiektuan hartuko du parte
Ingurumena
BINKE / 2022ko uztaila
Galdakaok BBK Mendi Martxak proiektuan hartuko du parte
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Bizkaiko Mendizale Federazioak eta BBK-k elkarrekin abian jarri dute «mendizaletasuna eta ingurumenaren babesa sustatzea» helburu duen BBK Mendi Martxa ekimena, familia guztiei eskainitakoa. Beste lau herrirekin batera, Galdakaoko Udalak eta Ganguren Mendi Taldeak ere hartuko dute parte.
Mendizaletasuna eta ingurumenaren babesa sustatzea helburu duen ekimena abian jarri dute Bizkaiko Mendizale Federazioak eta BBK-k. Horretarako, Bizkaiko bost herrik mendi martxak, hitzaldiak eta ingurunea garbitzeko ekintzak antolatu dituzte —bertako mendi taldeekin elkarlanean—. Horien artean daude Galdakaoko Udala eta Ganguren Mendi Taldea.
Bilboko BBK Aretoan uztailaren 5ean egindako aurkezpenean Koldo Bilbao BBK-ren Kultura eta Gizarte arduradunak argi utzi zuen «datozen belaunaldien etorkizuna bermatzeko, gure ingurunea zaintzen hasi behar dugula». Lan horretan, «ingurunea hobeto ezagutzeak maitatzera, eta beraz, zaintzera eramango» gaituela adierazi zuen Bilbaok, eta gaineratu: «Izpiritu horrekin jarri dugu abian BBK Mendi Martxak ekimena eta Bizkaiko familiak irteera horietan parte hartzera animatzen ditugu, eguneroko parajeak beste ikuspegi batetik ezagutuko baitituzte».
Aurkezpenean izan ziren Ganguren Mendi Taldeko presidente Pedro Mari Aizarna eta Galdakaoko alkate Iñigo Hernando. Eurekin batera Urduñako, Zallako, Mungiako eta Bilboko ordezkariak izan ziren, bost horiek baitira BBK Mendi Martxak ekimenean parte hartuko dutenak.
Bost herrien artean, Bizkaiko Mendizale Federazioarekin batera, ondoko ekintza, hitzaldi eta martxen egitaraua antolatu dute:
- Hitzaldiak, ingurune naturala zaintzeko ikerketaren eta konpromisoaren arloan lehen mailako hizlariekin.
- Irailaren 15ean, Odile Rodriguez de la Fuente etorriko da Galdakaora. Ingurumena zaintzeko kontzientziazioari buruzko dibulgatzaile zientifikoak «Clima de Cambio» (Aldaketa Klima) hitzaldia eskainiko du Torrezabalen.
- Aurrez, uztailaren 22an, Jeronimo Lopez arituko da Urduñan. Geologia Zientzietako doktore, ikertzaile, alpinista eta Antartidan espezializatua den irakasleak «Hielo, Montañas y Cambio Climático» (Izotza, Mendiak eta Klima Aldaketa) hitzaldia egingo du.
- Ingurumen ekintzak: errekak edo eremu zehatzak garbitzea, haziak batzea eta espezie autoktonoak landatzea, boluntario taldeekin.
- Txaketolandako eremua eta Arantzileko errekaren ibilgua garbituko dira Galdakaon.
- Urduñan La Muerako aisialdi eremua garbitzen lagunduko dute; Zallan Bolunburu aldea; Mungian Butroe iaiaren ibilgua; eta, Pastorekortako igoerari lotutako ibilaldian, bertoko ehunka zuhaitz eta zuhaixka espezie landatuko dituzte Lurgaia Fundazioaren eskutik.
- Martxa herrikoiak hurbileko mendietara. Mendi irteera gidatuak izango dira, inklusiboak, dog-friendly erakoak ere bai, eta, igaro ostean, ingurunea garbiago eta zainduago utziko dutenak, martxa horietan Zero Hondakin bilketak egingo baitira.
- Galdakaon, Gangurenera egingo da irteera Santa Kurtz jaietan, irailaren 11n.
- Honakoak dira gainontzeko lekuetako datak: uztailaren 25ean, Urduñan, Txarlazora; urriaren 9an, Mungian, Tallura; urriaren 16an, Zallan, Ubietara; eta abenduaren 18an, Bilbon, Gangoiti-Pastorekorta zirkuitua.
Irteera horietan guztietan parte hartzea doakoa izango da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea mendi federazioaren webgunean: bmf-fvm.org.