Delitu penalak %14,82 igo dira Galdakaon azken urtean eta igoera handiena izan duen Bizkaiko bigarren udalerria da. Zergatik jazo da igoera hau? Ondoko erreportajean sakondu dugu delituen joeraren eta motaren inguruan.
Aurtengo lehen bederatzi hilabetetako arau-hauste penalen datuei buruzko txostena argitaratu zuen Ertzaintzak duela aste batzuk. Horren arabera, delitu penalak gehien igo diren Bizkaiko bigarren udalerria da Galdakao, 20.000-50.000 biztanle dituztenen artean.
Zehazki, Galdakaon %14,82 igo dira delitu penalak iazko datuekin konparatuz. 2024an 769 erregistratu zituen Ertzaintzak urteko lehen bederatzi hilabeteetan eta aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan aldiz, 883.
Igoera hau ondarearen eta delitu sozioekonomikoen aurkako delituek gora egin dutelako jazo da neurri handi batean, horiek %21,61 igo baitira aipatutako epean. Gora egin dute ere delitu informatikoek, baina kasu honetan igoera txikiagoa izan da, %9,25ekoa.
Beste delitu mota batzuen tasa aldiz, jaitsi egin da aurten Galdakaon. Sexu-askatasunaren aurkako delituak %40 murriztu dira Galdakaon —10 erasotik 6ra—, eta tortura eta osotasun fisikoaren aurkakoak, %8 jaitsi dira —25etik 23ra—.




