Biziberri dirulaguntzen bigarren edizioa jarri du martxan Galdakaoko Udalak, tokiko merkataritza berpiztu eta indartzeko helburuarekin. Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago martxoaren 27ra bitarte.
Galdakako merkataritza sarea gizarte aldaketei, kontsumo ohituren bilakaerari eta, bereziki, Metroaren etorrerari aurre egiteko prest egoteko helburuz, Biziberri dirulaguntzen bigarren edizioa jarri du martxan Galdakaoko Udalak.
Laguntzak eskatzeko epea zabalik dago eta martxoaren 27ra arte egongo da zabalik. Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira, eta informazioa jasotzeko edo izapidea egiteko laguntza behar dutenek Tokiko Sustapen eta Enplegu Bulegora jo ahal izango dute, aldez aurretik 944010580 telefonoan hitzordua eskatuta.
Iaz bezala, Biziberrik hiru laguntza lerro izango ditu: lehenengoa auzo periferikoetan merkataritza establezimendu berriak irekitzea sustatzera bideratuta dago, alokairuak eta hasierako inbertsioak finantzatuz; bigarrena Galdakaoko merkataritza gune nagusian dauden lokalak berritu eta modernizatzera zuzenduta dago, erakargarritasuna eta irisgarritasuna hobetzeko; eta, hirugarrena, paisaia linguistikoaren euskalduntzea sustatzera.
Lehen edizioaren esperientzia kontuan hartuta, eta establezimendu gehiagorengana iristeko asmoz, zenbait irizpide zabaldu ditu Udalak. Hala, aipatzekoa da jarduera berriak gehitu direla, hala nola arkitektura estudioak, farmaziak, fisioterapeutak, ileapaindegiak eta bestelako zerbitzu profesionalak. Horri esker, establezimendu gehiagok izango dute laguntzak eskuratzeko aukera, zehazki berritze eta modernizazioaren lerroan.
Bestalde, eskaerak aurkezpen ordenaren arabera ebatziko dira, aurreikusitako 82.000 euroko kreditua agortu arte. 1. eta 2. lerroetako laguntzak elkarren artean eta helburu bererako emandako beste edozein laguntzarekin bateraezinak izango dira.
Paisaia linguistikoaren euskalduntzerako laguntzak, aldiz, bateragarriak izango dira aurreko biekin. Nolanahi ere, emandako finantzaketak ezingo du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu.
Laguntza lerro bakoitzaren xehetasun gehiago ezagutu daitezke Udalaren webgunean.




