Ganguren tabernako dardo taldea Bizkaiko txapeldun izan da bere kategorian
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ganguren tabernako dardo taldea
Osatu berri den Ganguren tabernako dardo taldeak bere lehenengo titulua irabazi du dagoeneko, ligako lehenengo postua eskuratu eta Bizkaiko txapela irabazita.
Hainbat dardo talde dago Galdakaon, baina gutxik lortuko zuten akaso bere lehenengo denboraldi ofizialean Bizkaiko txapela janztea. Horixe lortu du Ganguren tabernako dardo talde berriak Udaberriko Ligaren 8. maila irabazita.
Bost lagunek osatzen dute Ganguren tabernako dardo taldea: Miguel Postigo, Andres Simarro, Igor Serrano, Iñigo Jiménez eta Jon Ander López. Euretariko bakoitzak aurretik dardoen munduan zaletasunik eta esperientziarik izan badu ere, aurtengo denboraldia izan dute bost kideek elkarrekin. Ligako lehenengo partida apirilaren 25ean jokatu zuten eta azkena berriz, ekainaren 27an. Norgehiagoka guztiak irabazi ditu Gangureneko taldeak bat izan ezik.
Ondorioz, lehenengo postua eskuratu zuen boskoteak eta titulu horrek Bizkaiko ligaxka jokatzeko txartela eman zion. Uztailaren 2an, zapatuz, Bilboko Gran Casino Luckian jokatu zen Bizkaiko txapela irabazteko txapelketa. Bada, 16:30ean hasi eta goizaldeko 02:30ean amaitu zen finalean norgehiagoka guztiak irabazi zituzten Ganguren tabernako dardo jokalariek eta ondorioz Bizkaiko txapeldunak izan ziren euren kategorian. Datu bitxi bat ere utzi zuen finalak, bigarren postua Edurkuba talde galdakoztarrak eskuratu baitzuen.
Bizkaiko titulua irabazita, urriaren 22 eta 23an Benidormen jokatuko den Espainiako txapelketa orokorrean arituko dira orain bost galdakoztarrak. Zapatuan sailkapen-probak egingo dituzte laugarren mailatik zortzigarrenera bitarteko taldeen artean, eta aurrera eginez gero, finala bere domekan jokatuko da aipatutako herri valentziarrean.