GBGE Europako hiru saritan finalista hautatu dute

Argazkia: GBGE

Iazko urritik Valentziako uholdeetan egindako lanagatik, Europako hiru saritan finalista hautatu dute Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea. Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan ditu, eta beste bat Zero Project sarietan.

Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea azarotik apirilera bitarte izan zen Paiportan, DANA-k sortutako kalteetan laguntzen. Lan honengatik aitorpena egin zion Eusko Jaurlaritzak, eta orain Europa mailan ere elkartea aitortu dute.

Zehazki, Innovation in Politics Awards sarietan bi izendapen izan ditu, proiektu hauengatik: Nave 51 eta Garbitegi Humanitarioa.

Nave 51 izeneko proiektuan Paiportan 40.000 tona laguntza humanitario bideratzeko aukera eman zuen GBGEk eta Garbitegi Humanitarioan aldiz, uholdeek lokatzez hondatutako arropa berreskuratu zituzten.

«Izendapen hauek Valentziako DANA egunaren ostean izan zen elkartasun olatu masiboaren nazioarteko aintzatespena dira. Hondamendiei erantzuteko beste modu bat dagoela nabarmendu du: zirkularra, inklusiboa eta aliantzetan oinarritua. Umiltasunez jasotzen dugu, oraindik erabat berreskuratzeko geratzen delaz jabetuta, eta poztasunez, pertsona askoren lan ikaragarria aintzatesten baita», adierazi du Ainhoa Crespo GBGEko bozeramaileak.