Geltokia erdigunean «momentuz ez dela aukera bat» nabarmendu zuen Jaurlaritzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean
Geltokia Erdigunean plataformak asanblada antolatu zuen atzo Usansolon eta honetan Loly De Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak parte hartu zuen. De Juanek geltokia herriko erdigunean ezartzea «momentuz ez dela aukera bat» nabarmendu zuen hitzorduan.
Usansolotarrek Metro geltokia erdigunean eskatzeko aldarrikapenarekin jarraitzen dute eta atzo, irailak 19, gaiaren inguruko asanblada antolatu zuen Geltokia Erdigunean plataformak herriko elizan. Hitzorduan ehunka herritarrek parte hartu zuten eta baita Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak.
De Juanek hartu zuen hitza hasieran eta Eusko Jaurlaritzak eta ETSk dituzten bi alternatibak azaldu zituen: lanzaderarena eta tunelarena. Ondoren, plataformak, «nahiz eta Eusko Jaurlaritzak momentu honetan mahai gainean ez izan», hirugarren aukera bat dagoela azpimarratu zuen: geltokia herriko erdigunean ezartzea.
Honen ostean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak geltokia erdigunean «momentuz ez dela aukera bat» nabarmendu zuen: «Momentu honetan bi alternatiba baino ez daude. Geltoki bat garestiegia da eta Usansolok ez ditu betetzen bete beharreko baldintzak geltokia erdigunean izateko».
Honen aurrean, bertaratutako usansolotarrek galderak eta oharrak egin zituzten «argi eta garbi ikusaraziz herriak ez duela nahi lanzadera edo tunel bat, herriak erdigunean geltoki bat nahi duela».
«Haien posizioa mantendu zuten baina azaldu ziguten momentuko egoera dela eta oraindik negoziazioa irekita mantentzearen alde daudela», azaldu diote BINKEri Geltokia Erdigunean plataformatik, Eusko Jaurlaritzari eta Euskal Trenbide Sareari erreferentzia eginez.
«Bilera oso interesgarria izan zen. Batetik, herritarrek Eusko Jaurlaritzaren ahotik entzuteko zeintzuk diren arazoak eta alderantziz ere, haiek usansolotarren nahia hurbiletik ezagutzeko. Guk gure aldarrikapenarekin jarraituko dugu, lortu arte!», adierazi dute plataformatik.