Gizon baten gorpu hila aurkitu dute Bekea auzoan, Galdakaon
Ezbeharra
BINKE / 2022ko maiatza
Gizon baten gorpu hila aurkitu dute Bekea auzoan, Galdakaon
TESTUA ETA ARGAZKIA: Binke
Bekeara sartzeko tunela pasa eta ezkerraldetik igarotzen den errekatxoan 40 urteko gizonezko baten gorpu hila aurkitu dute gaur 11:00 aldera. Bertan izan da Binke, eta lehenengo hipotesien inguruan hitz egin du Ertzaintza eta Udaltzaingoarekin.
Asteburu honetan Galdakaoko Bekea auzoan Asentzioko jaiak ospatu behar dituztena baliatuz, Binkek egitarau horren berri eman zuen bezala, belarra ebagitzen eta ingurua txukuntzen aritu dira goizetik garbiketa enpresa bateko kideak gizonezko baten gorpua aurkitu dutenean.
Goizeko hamaikak aldera Galdakaoko Udaltzaingoak dei bat jaso du Bekeako inguruan garbitzen zebilen langile baten eskutik: gizonezko baten gorpu hila aurkitu dute N-634 errepidetik —suhiltzaile zaharren egoitzaren pare dagoen zubitik— Bekeara doan tunelaren ostean, errekan.
Gertatutakoaren berri izan eta berehala gerturatu da Binke ezbeharraren lekura; bertan izan dira dagoeneko bai patruila arrunteko ertzainak eta ikerketakoak. Ostean iritsi dira urpekarien arloko poliziak ere.
Ertzaintzak zein Udaltzaingoak Binkeri helarazitako lehenengo informazioaren arabera, gizonezkoak ez du biolentzia zantzurik izan eta ez dirudi aurrekoan Ibaizabal ibaian hilik aurkitutako Mohamed El-bachir gaztearen antzekotasunik duenik kasu honek. Lehenengo hipotesien arabera, istripu bat izan daiteke heriotzaren zergatia.
Behin gorpua altxatuta abiatuko du Ertzaintzak ezbeharrari dagokion ikerketa.
Albiste honekin lotuta…