Eusko Jaurlaritzak sustatutako CyberLehia txapelketaren hirugarren edizioaren finala hartu zuen Donostiako Tabakalera zentroak, martxoaren 5ean. Bertan parte hartu zuten Gontzal Izurza eta Aitor Espinosa galdakoztarrek, Txurdinaga LHII zentroko taldearekin.
Martxoaren 5ean antolatu zen Donostiako Tabakalera zentroan zibersegurtasunaren arloan Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen CyberLehia txapelketaren hirugarren edizioaren finala.
Aurtengo edizioan Lanbide Heziketako 35 ikastetxek parte hartu dute, 350 ikasle ingururekin, eta finalean aldiz, bost talde aritu ziren: MKDLNULL (Uni Eibar-Ermua+Birt), GTFObeans (Txurdinaga LHII), LHG67 (Maristak Durango LHIPI), Kalimotxo (Lea-Artibai LHIPI), eta Tr1o d3 c4ve1r4s (Xabier Zubiri-Manteo BHI).
Talde bakoitzak hiruna kiderekin lehiatu zuen Donostian, eta Txurdinagakoan galdakoztar bik hartu zuten parte: Gontzal Izurzak eta Aitor Espinosak.
Ikasleek CTF motako proba praktikoa egin zuten, eraso/defentsa modalitatean. Proba horretan, talde bakoitzak bere azpiegitura digitala babestu behar izan zuen, besteena urratzen saiatzen zen bitartean, ingurune profesionaleko benetako egoeren antzera.
Gainera, lehiaketa egiten zen bitartean, hitzaldiak eta saio tekniko aurreratuak antolatu dira, besteak beste, adimen artifizialaren aplikazioari buruzkoak eta industria-inguruneetako zibersegurtasunari buruzkoak.
Sektoreko enpresek ere parte hartu zuten, eta espazio propioak izan zituzten beren jarduera aurkezteko eta ikasleekin harremanetan jartzeko.




