Haurren Kontseiluko ikasturteari hasiera eman diote 25 ikaslek
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Ikasturte berriko Haurren Kontseiluari hasiera eman zioten astelehenean Gandasegi, Urreta, Unkina, Aperribai eta Eguzkibegiko 25 ikaslek, alkatea eta Parte Hartzerako zinegotziarekin batera.
Pasa den urtean lehenengo aldiz abian jarritako Haurren Kontseilua ekimena badago martxan ikasturte berrirako; Gandasegi, Urreta, Unkina, Aperribai eta Eguzkibegiko 25 ikaslerekin. Haurrak Lehen Hezkuntzako 4 eta 5. mailako ikasleak dira, hau da, 9 eta 11 urte bitarte dituzte. Aurten, 5. mailakoentzat bigarren aldia izango da, pasa den urtean 4. mailan baitzeuden. LH 4koak aldiz, berriak dira ekimenean.
Helburua umeen begirada eta gauzak ulertzeko perspektiba Udalean txertatzea da, proposamen berriak eginez eta beste era batera hausnartuz. Aurreko kurtsoa lehenengo edizioa izan zen eta esperientzia «oso aberatsa» izan zela ziurtatu du Galdakaoko Udalak, bai haurrentzako bai Udalarentzako. Herriaren egituraketa eta udal-langileen zereginak ezagutu zituzten, haien iritziak adierazi, eta ideia berriak bota zituzten. 40 baino burutazio gehiago batu ziren, eta horien artean lau proposamen onartu ziren, gaur egun lantzen ari direnak. Udalak hitzez hitz argitaratutako puntuak:
- Aperribaiko eskolako hoditerian konponketak egiteko proposamena onartu zen eta aurrekontu parte hartzaileen bidez lana beregain hartu zuen Udalak.
- Herriko paperontziak aldatzea eskatu zuten haurrek: birziklatzeari begira, zaborra bereiztea ahalbidetuko dute paperontziak jartzea. Ingurumen Arloa lanean ari da proposamena aurten gauzatu dadin.
- Iturrondo inguruan gune berdeak gehitzeko proposamena onartu zen.
- Ardanza inguruan gune berdeak hobetzeko proposamena ontzat eman zen.
Astelehenean, urriak 24, egin zen ikasturte honetako lehenengo batzarra, non aipatutako eskoletako 25 umeez gain, Iñigo Hernando alkatea eta Olaia Parra Parte Hartzerako zinegotzia egon ziren. Aurkezpen bilera honetan aurreko edizioko ideiak komentatu zituzten eta beste berri batzuk botatzen hasi ziren.