Galdakao Gogora elkartea, galdakaogogora@gmail.com
BINKE / 2020ko iraila

Herria «askatu» ebeneko jaiak

TESTUA: Nagore Ferreira Zamalloa eta Kepa Lizarraga Sainz
ARGAZKIAK: Egitaraua Foru Agiritegiarena eta 1937ko bagilaren 16ko irudia, nazionalek ateratakoa herrira sartzean, Espainiako Liburutegikoa

Aurtengo Santakurtzetako jaiak ez doguz zati baten ahaztuko. Bagilean jakin genduan bertan behera geratuko zirela, Covid-19-k eragindako egoerea dala eta. 2020a, beraz, jai bakoa izan da. Orain 82 urte, hain zuzen be, beste arrazoi guztiz diferenteekaitik baina, 1938an, nekez ahaztuteko jaiak egin ebezan be. 

Galdakao «askatu» eben lehenengo urteurrena zala eta, egun biko ospakizunak antolatzea otu jakon orduko Udalari. Jaiek ospakizun eta ondo pasetako atxakia baino, bestelako helburua euken, jakina. Herritar gehien-gehienak Errepublikaren aldekoak izanda, edozein zala euren alderdia, faxistak Galdakao hartu eben eguna ospatzea zigorra zan, zigorraren ganeko zigorra, eta hildakoen memoria laidotzea. 

Errepresinoa, erbestea, fusilamenduak, gosea eta bildurra nagusi herrian, eta ganera «Galdakaoren askapenaren» urteurrena ospatu beharra. 

Jaiak bagilaren 14 eta 15ean egin ziren. Iruñeko Reketeen Bandeak edegi ebazan «ospakizunak» arrastiko zazpiretan. Emonaldiaren ostean, errosarioa errezetan joateko gonbitea egin eben Elexalden. Eta amaitzeko, urtebete lehenago Francoren tropak herrira sartu ziren simulakroa egin eben, eta herritarrak be parte hartzera animau ebezan.

Hurrengo eguna be eleizan hasi eben, parrokian, goizeko zortziretan; eta, hamarretan, Santa Barbarako landan, kanpainako mezea. Tropen desfilea etorren gero, eta amaieran, «Galdakaoko martirien» omenezko monumentuaren inaugurazinoa. Francoren aldeko martiriak ziren, bai. Eguerdian, Iruñeko Reketeen Bandearen emonaldia atzera be, bazkaria eta «aberriaren sendotzearen aldeko» berbaldia. 

Ez daigun ahaztu, Galdakao lorpen handia izan zala nazionalentzat. Leku estrategikoa zan, Burdin Hesiaren giltza, eta Bilbora sartzeko bidea. Horregaitik egozan hain harro, eta horregaitik ospatuarazo eutsien Galdakaoko biztanlei urteurren zital eta lotsagarria.