Hirugarren gradura igaro da berriz Jon Crespo preso galdakoztarra
Euskal gatazka
BINKE / 2022ko maiatza
Hirugarren gradura igaro da berriz Jon Crespo preso galdakoztarra
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Senideen artxibotik
Iazko urrian Jon Crespo preso galdakoztarrari hirugarren gradua eman bazioten ere, otsailean espetxera itzuli behar izan zuen bigarren graduan, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala erabakita. Orain, Espainiako erabakiari aurre eginez, hirugarren gradura itzuli da Crespo Eusko Jaurlaritzaren erabakiz.
Euskal Herriko bigarren presoa izan zen Jon Crespo galdakoztarra, hirugarren graduan egotetik bigarrenera itzularazi zutena. Ondorioz, espetxera itzuli behar izan zuen berriz otsailean, Espainiako Auzitegi Gorenak erabakita eta fiskaltzak jarritako helegiteari arrazoi emanez.
Orain aldiz, bigarrenez hirugarren gradura igaro da, Etxerat euskal presoen senideen elkarteak jakinarazi duenez. Hirugarren gradutik bigarrenera atzera egitea Espainiaren aginduz izan bazen ere, aldaketa hau Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren aginduz eman diete —berez, iazko irailetik euskal erakundearen eskumena baita espetxe-politika—.
Galdakoztarra 2002tik zegoen espetxean eta Valdemoro, Topas, Murtzia eta Duesoko kartzeletan egon ostean 2021eko irailean Basauriko espetxera lekualdatu zuten. Hilabete geroago, iazko urrian, hirugarren gradua eman zion tratamendu batzordeak «eskatutako baldintza guztiak bete dituelako, eta ez duelako, inola ere, sailkapena gaizki erabili», Etxeratek azpimarratu zuenez. Baina aipatutako atzerako pausoagatik Zaballako espetxera itzularazi zuten otsailean.
Cresporekin batera beste bi presori ezarri diete hirugarren gradua: Gorka Loran eta Juan Karlos Herrador dira horiek. Orain beraz, lo egitera espetxera itzuli beharko dute astegunetan 23:00etan, baina egunez eta asteburuz aske izango dira aurrerantzean.