Ikara eta urduritasuna izan ziren nagusi bariku iluntzean Galdakaoko Ibiltoki tabernako bezeroen artean, 19:15 aldera sabaiaren zati handi bat bapatean erori eta bederatzi lagun zauritu zirenean.
Agirre Lehendakariaren plazaren inguruko tabernak jendez lepo izaten dira bereziki bariku iluntzeetan. Ibiltoki taberna galdakoztarra ere hala zegoen, 19:00 pasatxo sabaia jausi zenean bart barikua, otsailak 27.
Ezbeharraren jatorria oraindik ezezaguna bada ere, bederatzi lagun zauritu ziren sabaiaren erorketaren ondorioz. Horietatik sei ospitalera eraman behar izan zituzten; lau Usansoloko ospitalera eta bi Gurutzetakora.
Gertakariak urduritasuna eragin zuen jendearen artean, batez ere bezero batzuek ebakiak sufritu zituztelako pladurezko sabaia gainean jausi izanagatik.
Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak berehala gerturatu ziren Ibiltoki taberna kokatuta dagoen arkupeetara, eta ingurua lokarriz hesitu zuen poliziak.
Arriskutik kanpo daude bederatzi zaurituak, eta datozen egunetan argituko da istripuaren jatorria.







