Ibon Negreira eta Oier Cacho, Biok taldea
BINKE / 2025eko abendua
«Usansolotartzat dugu taldea oso ondo hartu gaituen herria izan delako beti»
· Oier Cacho
1986, Igorre
Igorren egin zituen oinarrizko ikasketak eta ostean bateria jotzen ibili da han eta hemen. Hollowborn eta Alerta taldeetan aritu da eta Bioken duela
lau urte hasi zen, Imanol Landaren ordez.
· Ibon Negreira
1977, Galdakao
Galdakaon egin zituen oinarrizko ikasketak , ondoren Elektrizitateko Lanbide Heziketa Zikloa ikasi zuen eta elektrikaria da lanbidez. Biok taldeko abeslaria da eta sortzaileetako bat izan zen, 1999. urtean.
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jon Gomez Garai eta Javi Simarro
Hamar urte pasatxoko isilunearen ostean, oholtzetako ikuskizunetara itzuliko da Biok metalcore musika taldea. Taldea Galdakaon sortu zen 1999. urtean eta metal munduan talde ezaguna izan zen, urtero hamaika kontzertu eskainiz. Horien artean nabarmentzekoak dira esaterako Bilbao BBK Live, Lanzadera Sur eta Festimad jaialdietan eskainitakoak edo 2009an Galdakaoko Ibilaldiarentzat sortutako kantua. Urtarrilean bueltatuko da taldea oholtzetara eta kontzertuaren atarian Ibon Negreira abeslariarekin eta Oier Cacho bateria-jotzaile berriarekin hitz egin dugu taldeak entseguak egiten dituen lokalean, Usansolon.
Hamar urte baino gehiago igaro dira Gernikako Astra aretoan eskaini zenuten azken kontzertutik. Zergatik erabaki duzue oholtzetara bueltatzeko unea orain dela? Ibon Negreira (IN): Kontzertuak emateari utzi genionetik gure asmoa noizbait bueltatzea zen, horregatik, astero entseguak egiten jarraitu dugu urte guzti hauetan, emanaldirik eskaini ez arren. Orain bi kide berri ditugu eta taldean urte gehiago daramatzagunok pentsatu dugu kide berriek merezi dutela sartu zirenetik lau urte hauetan egindako lana eszenatokietara eramatea. Denbora daroagu ideia horretan pentsatzen baina Oier eta Luis prest daudela sentitu arte itxaron dugu. Gure lehentasuna haiek seguru sentitzea izan da beti, baina momentu egokia orain zela adostu genuen denon artean. Familia bat gara, eta familia bat moduan hartzen ditugu erabakiak.
Kontzerturik gabeko hamar urte hauetan, astero-astero egin dituzue entseguak? IN: Astero-astero agian ez, jajajaj! Baina hilabetero baietz esan dezakegu. Lehen azaldu dudandez, gure asmoa beti izan da oholtzetara bueltatzea eta asmo hori atzean ez uzteko entseguekin jarraitzea ezinbestekoa izan da taldearentzat. Oier Cacho (OC): Ni duela lau urte inguru sartu nintzen Bioken eta ordutik azpimarratu dezakeedana taldeak duen indarra eta jarraitutasuna dira. Mirestekoa da hainbeste urteren ostean gogo horiekin jarraitzea, batez ere beteranoek.
Oholtzetara bueltatzeko erabakia hartu zenutenetik, aldatu da entseguen erritmoa? IN: Noski. Azkenean ez da berdina jarraitutasun bat mantentzeko entseatzea edo kontzertu bat emateko egiten duzunean. Setlist-a erabaki genuen eta hori da behin eta berriz jotzen duguna orain. OC: Nire kasuan, fisikoki ere somatu dut, jajajaja! Talde honetan bateria jotzeak erritmo bizia eta batez ere indarrez beterikoa eskatzen du, eta buruaz gain, gorputzak ere hori somatzen du!

Zenbat kontzertu programatuta dituzue oraingoz? BIEK: Ba momentuz bat, urtarrilaren 30ean Bilboko Santana 27 aretoan. Rise To Fall taldearekin batera arituko gara eta gogo itzelekin gaude, irrikitan. Lagunak dira eta dagoeneko jende askok esan digu sarrerak erosi dituela eta gogo handiekin dagoela Biok berriz zuzenean ikusteko. Gu egia esan ume txikien moduan gaude data itxaroten, oso momentu berezia izango delako taldeko beteranoentzat eta baita berrientzat ere, batera joko dugun lehenengo aldia izango delako. Jendea etortzera animatzen dugu, oso zuzeneko bortitza eta erritmo handikoa eskainiko dugu! Sarrerak eskuragai daude Negufest jaialdiaren webgunean.
Kontzertu bakarra lotuta izan arren, gehiago eskaintzeko asmoa duzue? BIEK: Noski! Kontziente gara denbora asko igaro dela eta publikoak beste talde batzuk kontsumitzeko ohitura hartu duela, beraz, ez ditugu antzina egiten genuen moduan urtean 40-50 kontzertu eskainiko. Baina biratxo bat egitea gustatuko litzaiguke, gure betiko zaleei berriz ere gure energia eskaintzeko eta nola ez, publiko berriari heltzeko. Metala gustoko duen jende gaztea ere egongo da hortik, jajaja!
Formakuntza berriarekin eskainiko dituzue kontzertuak. Nola heldu ziren Oier Cacho bateriajolea eta Luis Baranda baxujolea Biokera? OC: Nire kasuan lagun baten bitartez izan zen. Ni beste talde batzuetan aritu naiz aurretik eta Biok bateria-jotzaile baten bila zebilela esan zidaten. Taldekideak ezagutzera etorri nintzen, jotzen hasi ginen eta gainontzeko bidea oso naturala izan da ordutik. Hori bai, pixkat bat kostatu zait abestiak ikastea. Baina lortu dut! IN: Luis Barandaren kasua aldiz, oso berezia izan da. Gure zalea zen eta kontzertuetara etortzen zen. Horietako batean gurera gerturatu zen bideoak egiten zituela azaltzera, eta esan genion ea zergatik ez zetorren egun batean taldearen kantaren batekin bideoklip bat egitera. Eta hala izan zen. Gure bideoak, Interneten ikusgai daudenak, berak egin ditu. Bideoen ostean harremana hobetzen joan zen eta baxua jotzen zuen norbait behar izan genuenean berari esan genion animatzeko, instrumentua jotzen zuelako. Hasieran harrituta geratu zen baina tira, entseguak hasi zituen eta gaur arte, kontzertu bat emateko aste gutxietara dagoela! Bizitzak horrelako bueltak ematen ditu batzuetan.

Taldearen hiru diskoetako abestiekin itzuliko zarete agertokietara. Originalak joko dituzue edo konponketak egin dituzue? BIEK: Antzina egiten genuen zuzenekora nahiko fidelak izango gara, egia esan. Ezin daiteke esan berdin-berdina izango denik, batez ere guk hamar urte gehiago ditugulako, baina diskoetako kanta originalak joko ditugu zuzenekoan. Asko gozatzeko kontzertuak izango dira, guretzat eta batez ere publikoarentzat. Azken finean, guk publikoarentzat jotzen dugu, hori baita zuzenekoen arima.
Zein da zuzenean jotzeko gogo handiena duzuen abestia? IN: Nik tirokatu nuen abestia esango nuke, batez ere publikoarengatik. Jendeak asko disfrutatzen duen abestia da, oso kañeroa delako. Guk publikoaren erantzuna ikusita asko gozatzen dugun kanta da. Hala ere, nik pertsonalki sentitzen dudan abesti bat aipatu behar dut: Itzalpean. Oso berezia da eta sentimendu handiz kantatzen dut. OC: Nire kasuan ere Nik tirokatu nuen jotzean publikoak izango duen erantzuna ikusteko irrikitan nago, bainaDekoratuari erantsiak abestia jotzen ere asko disfrutatzen dut.
Zure kasuan, Ibon, asko zaindu beharko duzu ahotsa kontzertuetara eztarria mindu gabe heltzeko. Trukoren bat duzu? IN: Ez, jajajaja! Nire kabuz ikasi dut kantatzen eta teknika kontua dela esan ahal nizuke, baina gezurra litzateke. Praktikatzen eta praktikatzen ikasi dut nire soinua aurkitu arte eta hainbeste urte daramatzadanez, natural ateratzen zait. Ez dut ezer berezirik egiten eztarria zaintzeko, zorte handia daukat zentzu horretan. Baten batek brometan esan dit hanburgesa asko jateagatik dudala ahots hori, jajajajaja!

Metal munduan talde nahiko ezaguna izan zen Biok eta urtero hamaika kontzertu eskaintzen zenituzten. Zuentzat berezia izandako baten bat gogoratzen duzu, Ibon? IN: Ba asko etortzen zaizkit burura baina adibidez Madrilen antolatzen zen En Vivo jaialdian eman genuen kontzertu bat gogoratzen dut. Euskal Herritik kanpo kontzertuak eskaintzen genituenean ez genekien nongoa zen publikoa, gehienetan ez zituztelako gure kantak abesten eta kontzertu horretan asko euskaldunak zirela konturatu ginen bat-batean Txoriak Txori kantatzen hasi zirenean. Asko hunkitu ginduen publiko gehiena batera kanta tradizional hori abesten hastea, oso polita izan zen. Eta horrelako momentu polit eta dibertigarri asko zerrendatu ditzakegu. Etxean, Galdakaon eta Usansolon, eskainitako kontzertuak ere oso bereziak izan dira beti, lagunak eta familia izan direlako publikoan. Oro har, zorte handia izan dugu gure ibilbidean zehar, eta orain eskainiko ditugun emanaldietan ere publikoaren babesa jasotzea espero dugu.
Gure herriak aipatu dituzuela, zergatik hartzen duzue taldea usansolotartzat kideetako bi galdakoztarrak izanda? BIEK: Entsegu lokala Usansolon dugulako eta batez ere herriak oso ondo hartu gaituelako beti. Kontzertuak ematea eskaini digute askotan eta laguntzeko prest izan dira beti. Babes handia sentitu dugu beti usansolotarren aldetik eta hori eskertzekoa da, benetan.
Oholtzetara bueltatuko zinetela iragartzean musika berria kaleratzea «aurrerago» aztertuko duzuela azaldu zenuten. Zerbait aurreratzerik duzue horren inguruan? BIEK: Ba egia esan ez. Asmoa hor dago, baina Bioken familia bat bezala funtzionatzen dugu eta ez diogu gure buruari epe finkorik jartzen. Sorkuntza prozesu horretan murgilduta gaude, soinuak frogatzen eta gauzak lotzen, baina oraindik ez daukagu askorik. Gure erritmora egin nahi ditugu gauzak. Orain kontzertuak lotzen gaude, eta gero etorriko dira gerokoak, presa barik. •





