Javier Zorriqueta izango da Galdakaoko EAJ-PNVren alkategaia 2027ko udal hauteskundeetan

Argazkia: EAJ-PNV Galdakao.

Galdakaoko EAJ-PNVko kideak gaur arratsaldean batu dira barne prozesuaren bitartez 2027ko udal hauteskundeetarako hautagaia aukeratzeko. Javier Zorriqueta Gojenola hautatu dute, «etorkizunarekin konprometitutako proiektu berritu eta hurbil baten aldeko apustua eginez». Ezagutu Galdakaoko EAJ-PNVren alkategai berria albiste honetan.

Hego Euskal Herrian 2027an antolatuko dira hurrengo udal hauteskundeak, eta Galdakaoko EAJ-PNVk hautatu du dagoeneko nor izango den alkategaia: Javier Zorriqueta Gojenola.

Gaur bertan batu dira alderdiko kideak, barne prozesuaren bitartez hurrengo udal hauteskundeetarako hautagaia aukeratzeko.

1974an Galdakaon jaioa, Zorriquetak Eguzkibegi Ikastolan eta Resurrección Maria Azkue Ikastetxean egin zituen ikasketak, eta Estatu Batuetako nazioarteko esperientzia ere badu.

Heziketa akademikoari dagokionez, Zaragozako Unibertsitatean Albaitaritzan lizentziatu zen, eta 2001etik Bilboko albaitaritza-klinika baten jabea da.

EAJ-PNVn 1992an afiliatuta zen, eta erantzukizun desberdinak izan ditu erakundearen barruan. Galdakaoko EGIko presidentea izan zen, eta tokiko exekutibako kide, hainbat etapatan. Diruzain eta presidente ere izan da. Gainera, inplikazio aktiboa du esparru sozialean: Jatorrak aisialdi taldeko begirale izan zen.

Jeltzaleen esanetan, Zorriquetak «Galdakao dinamiko, inplikatu eta zorrotz baten izaera islatzen du, auzoetako errealitate eta beharrizanekin bat datorren proiektu serio batekin aurrera egin nahi duena».

«Ilusioz eta erantzukizun handiz hartzen dut ardura hau. Galdakaok proiektu serioa, hurbila eta anbizioduna behar du, eta prest nago proiektu hori gidatzeko, gure bizilagunen ongizatearekin konprometitutako talde batekin batera», adierazi du Zorriquetak.

EAJ-PNVk etapa berri honi «Galdakaorako alternatiba indartsu bat sendotzeko helburuarekin ekingo dio, kudeaketa onean, zerbitzu publikoen hobekuntzan eta udalerriaren garapen orekatuan oinarritua, hurbiltasunetik eta herritarrei modu aktiboan entzunez».

Aurreko emaitzak hobetzeko proiektua

EAJ-PNVk udal hauteskundeak galdu zituen azken deialdian, 2023an, Ainhoa Agirregoikoa alkategaiarekin. EH Bilduk bederatzi zinegotzi lortu zituen, EAJk sei, eta bina zinegotzi PSE-EEk, Usansolo Herriak eta Auzoak plataformak.

Aurrekoan aldiz, 2019an, Fernando Izagirre —bost urte eta erdiko kartzela-zigorra jaso zuenak DYAko presidente izan zen garaian egindako bi delituengatik— izan zen jeltzaleen alkategaia. EAJk irabazi zituen udal hauteskundeak baina EH Bilduk Auzoak eta Usansolo Herria taldeekin akordioa egin eta Gobernua osatzea lortu zuen. Horrela, Iñigo Arriandiaga Galdakaoko historian jeltzalea ez den lehenengo alkatea bilakatu zen 2019ko maiatzean.

Zorriquetaren izendapenarekin, emaitza horiek hobetu eta aro berri bat ireki nahi du EAJ-PNVk.


situs togel

situs toto