Jon Uriarte Athleticeko hautagaiak Galdakaon hasi du bere kanpainaren ibilbidea
Kirola
BINKE / 2022ko ekaina
Jon Uriarte Athleticeko hautagaiak Galdakaon hasi du bere kanpainaren ibilbidea
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Izan Athletic
Athleticeko presidente izateko hautagaiek, beharrezko berme guztiak jaso ostean, hauteskundeetarako kanpaina hasi dute. Sinadura gehien jaso dituenak, Jon Uriartek, Galdakaoko Aterpe tabernan hasi du gaur bere kanpainako ibilbidea.
Athleticeko presidente berria izateko Aitor Elizegiren lekukoa hartu gura dute Ricardo Barkalak, Iñaki Aretxabaletak eta Jon Uriartek. Hirurek aurkeztu zituzten zapatuan —ekainaren 4an— taldearen buru izateko gutxieneko sinadurak. Sinadura horiek batu ziren Bizkaiko hainbat gunetik ibilbidea egiten aritu da gaur Jon Uriarte hautagaia, eta ibilbide hori Galdakaon hasi du.
Bermeen behin betiko zenbaketa egin ostean, hauteskundeen ospakizun zuzena bermatzeaz arduratzen den klubeko organoak eguenean jakinarazi zuen hirurek filtroa gainditu dutela. Hauteskundeetara aurkezteko, aurretik, gutxienez 2.016 sinadura batu behar zituzten hautagaiek, eta hauek izan dira bakoitzak jasotako bermeak: Uriartek 6.041 sinadura jasotzea lortu du, Barkalak 4.054 sinadura eta Aretxabeletak 2.987.
Uriarte izan da Athleticeko presidente berri izateko berme gehien jaso dituenak, eta begiak bere hautagaitzan jarrita daude. Baina, hauteskundeak ekainaren 24an egin aurretik, kanpaina egin behar dute hiru hautagaiek. Bada, Uriartek sinadurak bildu dituen zenbait gunetatik ibilbidea egin du gaur, eta ibilbide hori Galdakaoko Aterpe tabernan hasi. Bertan batu da 10:00etan hainbat athleticzalerekin, eta baita Fernan tabernako jabearekin ere.
Ostean bisitatu ditu egunean zehar Zornotza, Durango, Lekeitio, Mungia, Sopela, Urduliz eta Plentziako zenbait gune, tabernak gehienak.