Julen Gabiria galdakoztarra EITB Kultura saioko protagonista izan zen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Julen Gabiria idazle eta BINKEko kolaboratzaileak Joe Saccoren ‘Palestina’ komikia itzuli zuen euskarara iaz. Itzulpen honi buruz gehiago jakiteko helburuz, elkarrizketa egin zioten duela aste bi EITB Kultura saioan.
Hainbat lan argitaratu ditu orain arte Julen Gabiria idazle eta itzultzaileak, besteak beste, ‘Maus’ komikia historikoa itzuli zuen, lan «berezia eta inportantea» galdakoztarrak BINKEri aitortu zion moduan.
BINKEko kolaboratzaileak Joe Saccoren ‘Palestina’ komikia itzuli du ere eta honen harira elkarrizketa egin zioten EITB Kultura saioan. Joe Sacco kazetari estatubatuarrak Palestinara bidaiatu zuen 1991an, Lehenengo Intifadaren garaian. Esperientzia hori abiapuntu hartuz, ‘Palestina’ argitaratu zuen, bere lehen kazetaritza komiki handia. «Liburu horretan garai horretako erretratu bat egiten du Saccok», adierazi zuen Gabiriak.
Itzulpena egitetrako orduan, balantza bat egin behar izan duela azaldu zuen Gabiriak EITB Kultura saioan: «Balantza bat egon da. Alde batetik testua errespetatu behar duzu bere forma jatorrizkoan eta egilea errespetatu behar duzu bere intentzioan, baina bestetik irakurlea ere errespetatu behar da, eta noski hizkuntza».
«Itzultzaile moduan niretzako zailena izan da Joe Saccoren pertsonaiaren hasierako sarrerari aurre egitea. Hasieran bera da zentroa eta berari buruz hitz egiten du eta hausnarketak egiten ditu eta nik hori ezin nuen aguantatu. Horrelako batean ordea, ulertu nuen bere egoera eta adiskidetu ginen», azaldu zuen galdakoztarrak elkarrizketan.
«Askotan ematen du itzultzea esaldiak itzultze dela bakarrik, literaltasuna ekartzea hizkuntza batetik bestera eta hori baino gehiago da. Itzultzea pertsonaia horrekin bat egitea da, naiz eta zure antipodetan egon. Nik beti daukadan premisa da irakurleak ez dezala igerri itzulpen bat dela», nabarmendu zuen Gabiriak saioan.
Gabiria protagonistatzat duen saioa duela aste bi eskaini zuten telebistan baina ikusgai dago EITB-ren webgunean.