Kontzertuekin batera, gilda hilabetea ospatuko da ekaineko asteburuetan
Kultura
BINKE / 2022ko ekaina
Kontzertuekin batera, gilda hilabetea ospatuko da ekaineko asteburuetan
TESTUA: Naia Bergaretxe Sarria
ARGAZKIAK: Taldeen sareetatik eta Binkeren artxibotik
Uda-giroaz eta lagunartean aisialdiaz gozatzeko asmoz antolatu dute GuDendari elkarteak eta Galdakaoko Udalak gilda hilabetea. Egitasmo honetara hainbat artista galdakoztar batu dira zuzeneko kontzertuak emateko. Hemen ekitaldiaren inguruan jakin beharreko guztiak!
Ekaina eta uda-giroa helduta, «agerikoa da aisialdiaz gozatzeko gogoa» Galdakaoko Udalaren ustez. Lagunartean herriko kaleetan musikaz gozatzeko gogoak asetzeko, GuDendari elkarteak Udalarekin batera «musikariei plaza eskaintzea, eta, aldi berean, gure denda eta ostalaritza laguntzea» du helburu.
Herritarrek Galdakaon dagoen eskaintza ezagutzea nahi dute, eta horretarako, gilda hilabetea antolatu dute. Ekaineko asteburuetan —zapatu eta domeketan—, egitasmora batzen diren tabernek gilda mota ezberdinak eskainiko dituzte euro baten truke.
Gainera, domeka eguerdietan, 13:00etik aurrera, musika zuzenean eskainiko da udalerriko txoko ezberdinetan, hain zuzen ere; Iturrondo plazan, Muguru plazan, Ganekogorta kalean, Urreta plazan, San Inazio plazan eta Santi Brouard plazan.
Parte hartuko duten artisten gehiengoa galdakoztarrak dira eta musika estilo ezberdinak egongo dira egun eta gune bakoitzean, hala nola, soul, jazz, rock, erromeria edota kitarrarekin arituko diren kantautoreak.
Ekimen honen eskaintza asteburu honetan bertan hasiko da, eta domeketan zuzeneko musika eskainiko duten kontzertuak ondokoak izango dira:
- Ekainak 5
Iturrondo plazan: Now Nináh
Muguru plazan: Luhartz - Ekainak 12
Ganekogorta kalean: Jone eta Ane
Urreta plazan: Akëer - Ekainak 19
San Inazio plazan: Elene
Iturrondo plazan: Maider Legarreta - Ekainak 26
Muguru plazan: Ero taldea
Santi Brouard plazan: Maider Legarreta
Udalak aldi berean deia egin du Galdakaoko mota guztietako artistak hurbildu eta osatzen ari diren artisten katalogoan parte hartzeko. Helburua, ekitaldi ezberdinak prestatzen direnetan, katalogo hori erabiltzea da. Izena Udalaren webgunetik eman daiteke.
Horrez gain, Udalak, ostalariak GuDendari elkartean edo ostalarien beste elkarte propio batean batuta egotera animatzen ditu, horrela eskaintza onuragarri ezberdinak lantzea errazago delako, eta «mintzakide bat izatea ekarriko» lukelako.
«Landu dezagun herria elkarlanean eta goza dezagun dugunaz, asko da eta».