Libe Goitia, poeta
BINKE / 2021eko martxoa

«Elexaldek eragina dauka nire poesian»

TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Txikia zela Errusiatik Galdakaora etorri, bertan hezi, eta nerabe zela izan zuen lehen harremana poesiarekin Libe Goitiak. Duela urtebete «Urruzonotarrak gehituz» lehiaketa irabazi zuen eta aurtengo Poesiaren Egunaren bueltan elkartu gara berarekin, bera hobeto ezagutzeko.

Astebete pasa da Poesiaren Egunetik. Gogotik bizi izaten du urtero egun hau Libe Goitia Artetxek (Errusia, 2001), eta horregatik, horren berri galdetu dio Binkek, agendan gorriz margoturik duen egun hau aurten nola ospatu duen jakiteko. Poesia ekitaldi batean parte hartuz ospatu nahiko zukela, baina errealitatea amesten zuen horretatik oso bestelakoa izan zela dio. «Halanda be, edozein poesia ekitalditan parte hartzea ez da erraza, mundu honetan izenik izan ezean aukera handirik ez dogula esatera ausartzen naz», dio jatorri errusiarreko poeta euskaldunak.

Ez da ohikoa 20 urteko gazte bat poesiagintzan buru-belarri aritzea. Nik galderari buelta emongo deutsat: Zelan da posible 20 urteko gazte bat poesiagintzan ibiltzea arraro iruditzea? Badagoz milaka idazle gazte, baina ezezagunak dira honeitako asko, gehienak ez esatearren. Gehiago esango dot, hemen datu bat: nik parte hartu neban lehiaketako deialdian 175 gaztek hartu eben parte. Aurreiritzi kontua dala uste dot, baina datuak hor dagoz.

Noiz eman zenuen poesia idazteko lehen pausua? Tira, poesia idaztea, nire ustez, ez da erabaki bat. Anne Carsonek esan eban berak ez ebala bere senarra aukeratu, bere senarraren edertasunak aukeratu ebala bera, eta poesiagaz antzeko zeozer sentitu dot nik. Poesia egunerokotasunean dago, inoiz erreparatu bako zertzelada nimiñoenetan.

«Urruzonotarrak gehituz» lehiaketa irabazi zenuen duela urte pasatxo. Eta garrantzia handia izan eban horrek niretzat. Poesiaren mundu zirraragarri eta misteriotsu honetan emon neban lehen pausua izan zan hura, eta hain egin neban ondo, are gehiago murgildu ninduala. Etorkizuna baikortasunez ikusteko bidea egin eustan honek.. Saria ez zan izan objektu material bat soilik, bizitza osorako gordeko dodan oroitzapen bat baizik, jende eta bizipen barriz beterikoa!

Lehiaketak irabaztea al da askorentzat, lanak kaleratu ahal izateko bide bakarra? Batzutan egia izan leike, gazteentzako modurik onenetakoa dala hau, eskuragarriena agian, kakotx artean sartuko baneuke ere. Kakotx artean dinot, bai, halako galderagaitik, adibidez: zenbatek irakurtzen dabez saritutako lanak? Egia da bide barriak zabaldu ahal dabezala lehiaketek, baina ez nator bat goian egindako baieztapen horregaz bere osotasunean.

Zeri idazten diozu? Galdera hau erantzutea zaila iruditzen jat, hainbat gauzei idazten deutsiedalako. Gauza bat kontatu behar dot: ni Galdakaoko erdialdean bizi naz, baina halanda be Elexalde sentitzen dot nire benetako etxe. Horrek garrantzia eta eragina dauka nire poesian. Beti ikusi izan dodaz nire aitite eta amama soloan lanean, ahuntzekaz eta animalia artean, eta gaur egun nire ama be ikusten dot inguru horreitan sarri. Horregaz lotuta, Maria Sanchez izeneko poeta batek inspiratzen nau, baserriak eta honek biltzen dituen beste hainbat alorren inguruan idazten dau, eta mundu honetaz harro egoten erakutsi deusta berak. Baserriaren eta honen inguruan topatu daitekezan objektu, esamolde zein ikurren inguruan idazten dodala esango neuke, batez be.

Zer eskaintzen dizu literaturak, beste arteen aldean? Aurretik nabarmendu dodan bezala, ez neban nik aukeratu poesia, baizik eta berak ni. Baina ez dakit zergaitik esan neutsan poesiari baietz. Suposatzen dot, denboragaz, Gaston Bachelardek deskubritu eban gauza bera deskubritu nebala nik be: poesiak, hizkuntza salbuespen-egoeran jartzen dauala, eta horrek hizkuntzagaz jolasteko mila aukera emoten dituala. Horregaitik maite dot hau.

Baduzu harremanik poesiagintzan diharduen jendearekin? Bai, zorionez. Nire mesede eta poztasunerako, badot harremanen bat edo beste poesiagintzan dabilen jendeagaz. Orokorrean danak dodaz lagun, eta sentitzen dot oraindik ez dabela beharko leukien merezimendurik jaso.

Zein leku du gaur egun gazteen artean poesiak? Ez dakit zein leku zehatz daukan poesiak gazteon artean. Baina jakin badakit badaukala tokitxo bat, eta honi, behar dauan adina garrantzia eman behar jako. Berba potoloak izan daitekez hauek, baina esango neuke gazteak garela, helduenekaz batera, poesia gehien kontsumitzen dogunok. Poesiak eskaintzen deutsu, nire ustez, txoko bero bat, norberaren emozioak eta sentimenduak sakontzeko euskarri bat, eta hain justu hor sentitzen gara gustura gu, gazte garan horretan. Gaztea zaranean dana sentitzen dozu hurbilago, beroago eta bortitzago. Baina, tamalez, irakurtzen dogun kantitatearen eta ekonomikoki kontsumitzen dogunaren arteko balantzan ez dago orekarik.

Aurrera begira, baduzu buruan asmorik? Badaukat zerbait buruan, baina ez dot kontatuko, horrek zorte txarra emoten dauala esaten dabe-eta! (barreka) Baina, tira, suposatu leike zer dan. Idazleak oso sinpleak gara, eta uste dot danok gura dogula gauza bera: idazten dogun horregaz pozik egotea. •