Alfonso Arandia, zinemagilea
BINKE / 2021eko martxoa

«Euren egoa alde batera uzten dakiten aktoreak gustatzen zaizkit»

Alfonso Arandia Loroño
1960, Galdakao

Ikus-entzunezkoetan lizentziatua da Madrileko Complutense unibertsitatean, eta amaigabeak dira pantaila handian zein txikian Arandiak egin dituen zuzendari lanak. Telesailetan «El comisario», «Sin tetas no hay paraíso» edo «Vivir sin permiso» neurrikoak zuzendu ditu, eta zineman «El Anónimo… ¡vaya papelón!» eta «Carretera y manta», besteak beste. Azken bi film hauek izan dira beretzako gakoa gainera, lehenengoarekin hasi baitzen zuzendari lanetan, eta bigarrenak bultzada eman ziolako telebista mundura lan egitera.

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa

Ahotsa altxatu gabe, goxotasunetik eta xumetasunetik berba egiten duen artista handia ekarri dugu hilabeteko azalera. Artista ez baita beti fokoaren azpian edo kameraren aurrean agertzen dena. Eta horren inguruan asko daki Alfonso Arandia zinemagileak, bizitza luzea daramalako kameren atzean gauza handiak sortzen. Galdakaora egin duen bisita batean harrapatu dugu.

Ez da erraza zu kameren aurrean ikustea. Beraz, ezer baino lehen, eskerrak baino ezin dizkizugu eman solasaldi hau onartzeagatik… Elkarrizketaren bat eskatu didatenean egin izan dut, baina beti saihestu ditut argazkiak. Arrazoia beti bera izan da: jendartearentzako anonimoa izatea. Nire lana gainontzeko beste edozein bezalakoa da, eta ez dut horregatik ezaguna izan behar. Orain elkarrizketa eskaintzea onartu badut gertutasunagatik izan da, nire semea haurtzaindegira doanetik ezagutzen dudan pertsona batek eskatu didalako, hein handi batean.

Eta noiz jarri zinen lehenengoz kamera baten atzean? Teknikari bezala 1985eko uztailean izan zen. ETBko hiru film ertainetan izan zen, zuzendariaren laguntzaile. Zuzendari eta proiektu bateko arduradun aldiz 1989an izan zen, «El anónimo… vaya papelón» pelikulan.

Gogoratzen al duzu une hura? Bikain gogoratu ere! Angel Amigoren ekoizpen bat izan zela gogoratzen dut. Film hori egiteko lan-taldean sartu ahal izango nintzen galdezka nenbilen, baina lan-taldea osatuta omen zegoela eta galdutzat eman nuen lana. Ordea, hurrengo asteartean deitu ninduten, autorik nuen galdetu eta baietz erantzunda hurrengo egunerako hitzordua jarri zidaten Orion, filmatzeko ekipo osoarekin. Bertan kontratatu ninduten, eta horrela hasi nintzen zuzendari lanetan, kotxea izateagatik.

Lehenengo une hartatik jakin zenuen zure bizitza zinema eta telebistaren bueltan igaroko zela? Hori da behintzat nik nahi eta espero nuena. Madrilera ikastera joan nintzenean egin nuen horren aldeko apustua, ez baitzuten etxean erabat ulertzen —mundu ezezaguna zelako— eta ekonomikoki ere esfortzu bat zekarrelako horrek.

Kameren aurrean ez, baina Galdakaon ere gutxi ikusten zaizu. Etxetik kanpo lan asko egiten duzu ala? Nahiz eta lan gehiena Euskaditik kanpo egin, eta egin izan dudana Gipuzkoan izan, beti saiatu naiz herrira itzultzen. Nire bizitza pertsonala bertan dago, bertan osatu nuen familia eta ahal dudan guztietan hemendik ibiltzen naiz.

Lan gehiena Euskaditik kanpo egiten duzula esan duzu? Bai. Hasieran, 1994. urterarte, uztartu egiten nituen lanak Euskaditik oso urrun eta hemen, baina urte horretatik aurrera hemen lan egiteko deitzeari utzi zioten. 

Zergatik? Ez nuke jakingo esaten. Agian ez nautelako gure herrialdearekin kokatzen-edo… auskalo! Lanaren falta inoiz izan ez badut ere, egia da etxean lan egitea faltan izan dudala beti. Hemen lan gehiago egitea gustatuko litzaidake.

Aktoreen kasuan erraza da erregistro batean etiketatzea euren burua, zuzendariekin ere antzekoa gertatu daiteke? Gertatzen da, bai. Proiektu edo estilo konkretu batzuetan sailkatzen zaituzte eta ez zaituzte kontutan hartzen beste genero batzuetarako. Eta zentzu horretan etor daiteke, agian, euskal lurretatik kanpo lan egitea… hemengo panoramatik desagertuta nagoela ematen du-eta.

Aktoreen inguruan ari garela… Txutxu-mutxu pixka bat: ze famaturekin duzu harremana? Lankide teknikariekin dut harreman handiagoa aktoreekin baino, baina egia da batzuekin harremana dudala eta tarteka berba egiten dudala… Baina ezin gehiago kontatu! (barreka)

Tira, baina esaiguzu behintzat norekin gustatzen zaizun lan egitea! Jende askorekin egin dut lan, eta gehienetan esperientzia positiboak izan dira. Baina orokorrean, konpromisoa duten pertsonekin eta proiektuaren norabide berean lan egiten dutenekin geratzen naiz. Eta horretan, egoak ere inportanteak dira. Beharrezkoa denean euren egoa alde batera uzten dakiten aktoreak gustatzen zaizkit.

Orain ere ez diguzu izenik esan behar?! Profesional handiak daude, eta oso gustura egiten dut lan, esaterako, Elena Irureta, Ramon Barea, Jose Coronado, Juanjo Artero, Maribel Verdú, Eduardo Noriega edo Ane Gabarainekin. 

Lan egiteko zer nahiago, telebista ala zinema? Biak gustatzen zaizkit, nahiz eta gehiago egin dudan telebistan. Telebistak aukera handiak ematen dizkigu istorio asko kontatzeko, gidoi eta ekoizpen handietan sartu barik. Gainera, telebistan orain irudien bidezko narratibaren bitartez istorioak kontatzen dakizkigun profesional bezala hartzen gaituzte. Eta ez da orain arte horrela izan…

Horrekin zer esan gura duzu, orain arte telebistan lan egiteak ez duela prestigiorik izan? Lan egiteko ospea beti egon da zineman, hori hala da. Baina urte batzuetatik hona, zinea egitea zailagoa denez orain eta plataformen konpetentzia handia dagoenez, zinemako profesional asko telebistako ekoizpenetara pasa dira eta ondorioz telebistako saioen kalitatea asko igotzea ekarri du horrek.

Agian, horren ondorioz, zinemako teknikak erabiltzen dira orain telebistarako filmatzerako orduan? Bai, eta lehen telebistako fikzioa multikamerarekin grabatzen genuelako. Gaur aldiz, askotan horrela jarraitzen badugu ere, kamera bi erabiltzen dira gutxienez telebistarako ere eta uztartu daitezkeen kamerak izatea bilatzen da, argitasuna eta soinua hobeto zaindu ahal izateko. Telebistan gero eta gehiago zaintzen da enkoadraketa argiztapenean eta dekorazioan, eta horrek emaitza filmen antzekoa izatea dakar.

Hala ere, desberdintasunak izango dira oraindik, ezta? Bai, beti. Adibidez, zinea grabatzean beti pentsatzen da pantaila handi batean ikusiko dena, eta horrek aukera gehiago ematen ditu plano orokorrekin jolasteko, iluntasun faltarekin gehiago arriskatu dezakezu… telebistan planoak gertukoagoak izan behar dira, atentzioa eta interpretazioa hobeto igartzeko. Eta soinuan ere, orain gutxi arte telebistan monoan emititzen zelako eta zinean aspaldi geunden 5.1ean… Gidoiak ere oso desberdinak dira, film batean istorioa hasi eta amaitu egiten delako eta ez duzulako aurreko pasarte batzuetan gertatu dena gogoratzen ibili behar… Telebistako saioak, finean, pantaila txikiago batean ikusten dira normalean, atalka, eta horrek eragina du zentzu askotan.

Telecincorentzat lan asko egin duzu. Jarraitzen al duzu katearekin kontakturik izaten? Askotan egin dut Telecincorentzat lan, bai, baina beti kateari produktua saltzen dieten ekoizpen etxeen bitartez. Fikzioan ez da ohikoa katearentzat zuzenean lan egitea, normalena ekoizpen etxeak lan-taldea osatzea delako, beti ere katearen oniritziarekin.

Mediaset eta Atresmedia taldeen sorrerak sektorea indartu ala ahuldu egin du? Finean, Mediaset Telecinco da eta Atresmedia, Antena3. Horrek ez du eragin handirik izan, nire ustez, azken finean hainbat kate batu baino ez direlako egin.

Eta Netflix, HBO, Amazon Video… plataforma guzti horiek: sektorearentzako aukera berria ala munstro erraldoi garaiezinak? Plataforma hauek jende gehiagorentzat ekoiztea ekarri dute, eta ikus-entzunezkoen maila —ez beti— asko igo dute. Horrek beraz sektorea indartu duela uste dut. Merkatua berdina da, baina herritarrek non aukeratu gehiago dute, eta beraz kalitatezko produktuen aldeko apustua nabarmenagoa da. Kalitatezko produktuak egin gura badira, jende gehiago behar dute, eta beraz gure sektoreko jendeari lan gehiago ematen diete.

Telebistarekin alderatuz, plataforma hauetako telesailetako atalak laburragoak izan ohi dira. Produktuaren metrajean ere ekarri dute aldaketarik! Bai, duda barik. Telebistako telesailetako atal bakoitzak 70 minutu inguruko iraupena izatera ohitu gara, eta horrek gidoia «estiratu» behar izatea dakar, erritmoaren kaltean. Plataforma hauekin iraupen estandarretara itzuli gara eta kapitulu bakoitzak 45-50 minutu arteko iraupena du. Horrek produktua biziagoa eta erakargarriagoa egiten du.

ETBk fikzio propioaren aldeko apustu handiagoa ala txikiagoa egin beharko luke? Beti da ona ekoizpen propioaren aldeko apustua egitea. Baina ETBk duen handicap handiena bere merkatua da. Merkatu txikia da, Euskal Herrian hiru milioi biztanle pasatxo baino ez garelako, eta merkatua 15 bider handiagoa duen kate baten kontra lehiatzea ezinezkoa da, ez badu sekulako aurrekontua behintzat.

Ez dago alternatibarik? ETB beste kate batzuekin elkartzea izan daiteke konponbide bat, kalitate altuko produkzio handiagoak egiteko. Eta egin izan da inoiz, baina kasu hauetan lan-taldea sakabanatuta geratzen da, beste lurralde batzuetako teknikari eta artistekin. Hala ere, ekoizpen propioa beti sustatu behar dela uste dut.

Aukera izango bazenu, zein ekoizpen aukeratuko zenuke zuk zuzentzeko? Ez dakit gaur egun zer eskaintzen ari diren, baina bere garaian «La víctima número 8» ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan bere planteamendua.

Kate batek finantzatutako film edo telesail batean, zein punturarte du zuzendari batek erabakitzeko boterea? Erabakitzeko boterea beti dago, arazo bat sortu arte. Zuzendariaren eta katearen artean iritzi desberdinak badaude, beti nagusituko da katearena. Ez da ohikoa izaten, elkarrekin egiten delako lan hasieratik, baina «azken korte» hori beti da katearena edo, kasuaren arabera, ekoizpen etxearena.

«Zuzendariaren bertsioa» emititzen da batzutan AEBetan. Zergatik egiten da? Pelikula batzuetan egin izan dute, bai, zuzendari garrantzitsuekin batez ere. Han, betidanik, amaierako «kortea» ekoizlearena izan da gehienetan, zuzendariaren iritziaren gainetik. Ondorioz, zuzendaria traizionatuta sentitzen da batzutan ez zaiolako gustatzen ekoizleak ikus-entzunezkoan egin dituen aldaketak. Horregatik, kasua ematen den pelikula arrakastatsu batzuetan aprobetxatu egiten da arrakasta hori eta zuzendariaren bertsioa ere emititzen da, zuzendariak berak egingo luken bezala erakusteko filma.

Zure herrian pelikula bat filmatzea eskatuko balizueke, zertan inspiratuko zinateke? 2050. urtea, Galdakaoko herritarrek Metroaren etorrera eskatzen jarraitzen dute. Une horretako alkateak promes egin du bere agintaldian zehar herriaren erdigunera iritsiko dela. Aldiz, agintariari bere alderditik deitu diote: ez dago dirurik eta ez da horretarako unea, baina hori ezin duela publiko egin. Bere lagunik minenekin mus-partida batean dagoela —tartean konstruktore batekin—, kopa eta koparen artean lagunek alkateari ez arduratzeko esan diote, eta euren eskuetan uzteko afera…

Segi-segi, ni engantxatuta nago-eta! Herritarren pozarekin hasi dira indusketa-lanak, herriaren erdi-erdigunean Metroaren geltoki nagusia egiteko. Zuloak sakonera nahikotxo daukanean, eta udako zubi luze batean herria hutsik dagoela baliatuz, indusketan «mugimendu arraro» batzuk gertatu dira. Herritarrak oporretatik bueltan daudenean, Metroa joan behar den zulo horretan hondar arkeologiko batzuk agertu dira eta alkateak prentsaurrekoa eskaini behar du, Metroaren indusketa-lanak bertan behera utziko dituztela esanez. Hondar arkeologiko garrantzitsuengatik izan edo ez, herriak Metroaren iritsiera itxaroten jarraitu beharko du. •