Mikel Fernández, orkestra-zuzendaria
BINKE / 2021eko iraila

«Zuzendari gazte bat orkestra baten aurrean jartzea beti izango da suzko froga bat»

Mikel Fernández Rodríguez
1996, Galdakao

Galdakaoko Musika Eskolatik Bilboko Kontserbatoriora eta bertatik Oviedora egin zuen jauzi galdakoztarrak, orkestra-zuzendaritza ikasteko. Gaur egun Rotterdameko Codarts University of the Arts-en dabil bi urteko masterra amaitzen, Herbeheretan. Gainera, 2017an Portugalgo akademia internazional bateko Espezializazio Graduan ikasteko aukeratu zuten. Bien bitartean, hara-hona dabil zuzendaria, irailean BOS-ekin zuzendari-gonbidatu ere arituta.

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Azalekoa Alice Lucchinelli / Barrukoak Aivideo.es

Gure bizitzaren erritmo eta doinuak gidatzen nahikoa lan badugu, besteen erritmo eta doinuak —berbaren zentzurik literalenean— zuzentzeak ez du erraza izan behar. Baina iraileko protagonistak horixe du amets, eta bere ametsa egia bilakatzen ari da Mikel Fernández galdakoztarra. Irailean Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen aritu berri, Herbeheretara bueltan elkarrizketatu dugu.

Zelan ba hasi zinen orkestrako zuzendari? Musika ikasketak bederatzi urterekin hasi nituen Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskolan eta 12 urterekin Bilboko Musika Kontserbartorioan jarraitu. Ikasketak hasi nituenetik oso aktiboa izan naiz bandetan edo gazteen orkestretan jotzen, baita kamarako beste talde batzuetan jotzen ere. Esperientzia horrek mundu berri bat ireki zidan.

Zein mundu? Musikari bezala entseguak egiten ordu asko bakarrik ematen dituzun unetik, musikariak elkarlanean aritzera igarotzen zarenean deskubritu nuena. Musika taldean egitea desberdina da, irizpide eta iritziak konpartitzea da, eta lan elkarrekin egitea. Orduan hasi nintzen kamarako musikarekiko nuen pasioa deskubritzen!

Baina orkestra sinfonikoak zuzentzen hasi aurretik, zuzenduko zenuen musika bandarik edo antzekorik, ezta? Bai. Hemen, Holandan, orkestrako, koroetako eta bandetako zuzendaritza ikasketak desberdindu egiten dituzte, eta espainiar estatuan denak nahastu egiten dituzte edo elkarrekin erakutsi. Horrela ba, nire zuzendaritza ikasketak Oviedon hasi nituenean, izan nuen koral eta banda batzuk zuzentzeko aukerarik. Gero Holandara etorri nintzenean espezializatu nintzen orkestrako zuzendaritzan.

Ulertzen ez duenarentzat, zein da herri bateko musika bandaren eta orkestra sinfoniko baten arteko diferentzia? Hasteko, taldearen eraketa bera. Musika banda tradizional edo herriko batean bakarrik daude haizezko instrumentuak —egurrezkoak edo metalezkoak— eta perkusioa. Orkestra sinfonikoetan aldiz, banda bateko instrumentu berdinei harizkoak ere gehitzen zaizkie. Gainera, bandak herri ertain-handi askotan aurkitu ditzakezu, baina gehienetan ez dira musikari profesionalak izaten. Orkestra sinfonikoak berriz talde profesionalak izaten dira normalean —musikariek jotzen duten instrumentuetako ikasketak egiten dituzte eta euren ogibidea horixe izaten da— eta ez da hain ohikoa herrietan izatea.

Eta partiturak moldatzerako orduan, izango da ba alderik! Orkestra batean partituren moldaketak ez dira hain ohikoak izaten. Orkestra batean interpretatzen diren obra gehienak orkestrarako sortutakoak izaten dira. Bandetan ordea bai, oso arrunta da banda bakoitzaren errealitateari egokitutako obren moldaketak izatea.

Errepertorioa zuk aukeratzen duzu? Batzuetan. Orkestra bateko zuzendari gonbidatua zarenean, normalean programa itxi bat zuzendu behar izaten duzu. Baina ez beti. Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin egin berri dudan debutean, esaterako, zuzendu nituen bi programetako errepertorioaren gehiengoa nik aukeratu nuen. Baina egia da errepertorioa aukeratzeko aukera gehiago dituzuna titular zarenean.

Bilboko Orkestra Sinfonikoa —BOS— aipatu duzu. Lehenengoz euskal orkestra batekin? Bai! (irribarretsu) Lehenengo aldia Euskadiko orkestra profesional batekin. Zuzendari gonbidatu bezala aritu naiz. Irailaren 2an kontzertu bikoitza eskaini genuen Bilboko Azkuna Zentroan, 9an Getxoko Muxikebarrin eta 10ean Santurtziko Serantes Kultur Aretoan.

Zelako esperientzia izan da? Zoragarria! Debut oso berezia izan da niretzat, bi programa bikainekin, etxean «jokatzen» eta biratxo batekin egin dudalako! Uste dut BOS-entzat ere esperientzia polita izan dena, BOS-ek inoiz izan duen zuzendari gonbidatu gazteena izan naizelako!

Zer uste duzu eskaini diozula BOS-i? Freskotasuna eta energia eman diodala uste dut. Inspirazio-iturri izan izana ere espero dut, eta eurek nigan sortu zuten begietako dirdiraren erdia musikari bakoitzari atera izana.

Gaztetasunaz ari garela… Hogeita lau urte dituzu. Orkestretako musikari batzuek taldean jotzen daramate zu mundura sortu aurretik. Zelakoa da hainbesteko esperientzia duen jendea zuzentzea? Orain dela aste batzuk horren inguruan aritu nintzen BOS-eko musikari batzuekin! (barreka) Talde bat lideratzeko betebeharra duzunean, talde horrekiko errespetua eta ardura ikaragarria da. Eta ardura zein errespetu hori bikoiztu egiten da zuzendu beharreko musikarien maila hain altua denean. Prestatuta egon behar duzu, bereziki, buruarekin: dena oso argi izan, zer nahi duzun eta zelan nahi duzun egin jakin, argi eta eraginkor lan egin eta ondo komunikatzen jakin behar duzu, zure irizpide eta jakintza musikala agerian utzita.

Aintzat hartzen al zaio hain zuzendari gazte bati? Zuzendari gazte bat orkestra profesional baten aurrean jartzea beti izango da suzko froga bat. Musikariek beti nahi izango dute aurrean inspiratuko, gidatuko, segurtasuna emango eta nahi duena ondo dakien zuzendari bat. Eta zuzendari gaztea bazara beti egongo da baten bat zure profesionaltasuna zalantzan jarriko duena, edo «frogan» jarriko zaituena… Horregatik uste dut zuzendari gazte batek erratzeko duen tartea askoz txikiagoa dela. Baina asko erakutsi behar dugu, gure lana bermatzeko eta zuzendari gazte bat kontratatzea aukera ona izango dela erakusteko.

Ikasketa luzeak egin behar izan dituzu orkestra-zuzendari izateko? Musikarekin lotutako edozein karrera izango da existitzen den luzeenetarikoa. Gure ikasketak gutxienez lau urtekoak dira gehi masterreko beste urte bat edo bi. Baina gure benetako ikasketak txiki-txikitatik hasten dira, musika ikasten hasten garenetik. Eta bizitza osorako ikasketak izango dira, inoiz ez diozulako ikasteari utziko. Nire kasuan behintzat, bederatzi urterekin hasi nintzen.

Zuzendari izan aurretik musikari izan behar duzu? Bai. Pianoa oinarrizko instrumentua da, partitura orokorrak ikasteko erreminta dugulako zuzendariok ere. Baina gainera, orkestra batean erabiltzen den instrumentu bat jotzeak lagundu egiten du musikariaren ikuspuntua hobeto ulertzen.

Musikarien aurrean jartzen zarenean eta denak zuri begira ikusten dituzunean, zer sentitzen duzu? Sentimenduen nahasketa bat da. Nik behintzat errespetua eta ardura sentitzen dut, baina horren gainetik enpatia ere izan behar duzu lideratu behar duzun pertsona-taldearekin lan egiteko.

Musikari guztiek partitura ondo jarraitzen badute eta denak partiturara begira badaude, zertarako behar da zuzendari bat? Zuzendari papera oso konplexua da! (barreka) Labur azalduta, zuzendaria interpretazio bat bideratzeaz arduratzen den pertsona da, eta hamar edo ehun pertsonen zuzeneko lanek bat egitearen ardura duena. Baina gainera, partituraren irakurketa sakon bat egin eta instrumentu zein musikari bakoitzaren onena ateratzeko beharra du zuzendariak ere.

Hitz egin dezagun zuzentzeko egiten dituzuen keinuez. Horiek ere ikasten dira ala «barnetik» irtetzen dira? Badute batetik zein bestetik. Unibertsitatean edo kontserbatorioan teknika batzuk ikasten dituzu, keinuen hizkuntza unibertsal hori ikasteko, baina lagunen artean hitz egiterako orduan gutariko bakoitzak keinu desberdinak dituen bezala, zuzendari bakoitzak ere bere keinu propioak ditu. Gorputz-espresioaren adierazlerik nabarmenena den une horretan zuzendariak ondo transmititu nahi du, musikariek une bakoitzean zer eta zelan jo behar duten ulertzeko.

Eta batutak, zertan laguntzen dizu? Batuta besoaren estentsioa da, zeinek gure mugimenduak puntu zehatz batekin adierazten dituen eta ikusgarriagoak egiten dituen hain gertu ez dauden musikari horientzat ere. Hala ere nik ez dut beti erabiltzen, interpretatu beharreko musika estiloaren, obra horren izaeraren edo aurrean dudan taldearen arabera.

Batuta propioa duzu ala orkestra bakoitzak berea uzten dizu? Nik nireak dauzkat, nahiz eta beti bera erabili. Orokorrean zuzendari guztiok gure batuta propioak ditugu eta horiekin joaten gara zuzendu behar ditugun orkestretara.

Behin BOS-ekin arituta, Herbeheretara bueltan zaude. Zertan zabiltza han? BOS-en ostean hemen zuzendu behar izan dudan ballet produkzio bat amaitu berri dut eta zuzendari gonbidatu zein laguntzaile bezala ari naiz Holandako zein Europako orkestra batzuetan, lan horiek masterreko bigarren eta azken urtearekin uztartzen ditudan bitartean.

Masterra amaitutakoan, zein asmo duzu? Pixkanaka egiten ari naizen bezala, nazioarteko orkestra sinfonikoetan lekutxo bat izatea da nire asmoa. Gonbidapen eta debutek, ondo badoaz, orkestra berrietatik deiak jasotzeko aukera eskaintzen dute… Ea ba horrela den, eta orain bizitzen nabilen guztia nire ibilbide luze eta arrakastatsuaren hasiera baino ez den! •