Maiteder Lertxundi: «Musikaren bidez edonork ikas dezake edozer errazago»
Maiteder Lertxundi, psikopedagogoa
BINKE / 2017ko abendua
«Musikaren bidez edonork ikas dezake edozer errazago»
TESTUAK: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Gotzon Almaraz
Bizitza honetan norbere burua eraginkor sentitzeko filosofia desberdinak izango dira, baina besteak hobeto sentiarazi eta hobetzeko asmoa duen filosofiarekin bat egiten dute askok bere burua eraginkor sentitzeko. Militantzia handia behar duen filosofia, gainera. Eta horrek igortzen duen maitasunetik hitz egiten du Maiteder Lertxundik, tarteka emoziozko malko batzuk ere isuriz.
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeaz gain, Desgaitasunaren Eguna ere ospatzen da. Bai horixe, eta ez dut beste herririk ezagutzen, Galdakaok bezala, egun biak elkarrekin antolatzen dituenik. Aurten abenduaren 3a domeka izan denez, hilaren 4an antolatu genuen ekitaldi nagusia Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian.
Zer egin zenuten zehazki? Egun honen bueltan aspaldi hasi ziren Udalaren Euskara Arloa eta Musika Eskola zerbait antolatu nahian, batzuek Euskararen Eguna zelako, besteak Desgaitasunaren Eguna. Eta orain dela 11 urte konturatu ginen indarrak batu eta elkarrekin kulturaren eskutik zerbait egin genezakela.
Hori baino inklusio handiagorik! Benetan ere! Inklusioa eta lan-taldean lan egitearen garrantzia azpimarratzen dira ekitaldi hauetan. Eta guretzako emozionantea da hori. Batetik Musika Eskolako ikasleak, salbuespen barik, euskal kanta pare bat elkarrekin jo eta kantatuz. Eta bestetik, euskara sustatzeko ekimenak: playback-ak, antzerkia, ikuskizunak…
Zuk zeuk, zein harreman duzu musikarekin? Txikitatik eta etxetik datorkit musikarekin dudan harremana! Familian oso kantariak izan gara beti, gure aita eta amagandik hasita. Nebek ere hainbat instrumentu jotzen dituzte, eta familiako jatorduetan inoiz ez da musikarik faltatu izan.
Eta afizio hori ofizio bilakatzen hasi zinen… Asmo horrekin egin ditut hainbat ikasketa. Batzuk aipatzearren: Magisteritza musikala, psikopedagogia hezkuntza bereziko espezialitatean, musika-terapiako graduondokoa ere egin nuen eta amaitu berri dut masterra. Nire lehenengo lanetako bi izan ziren Alzheimerra duten pertsonekin eta geroago haur onkologikoan zeuden pertsonekin Gurutzetan, bi hauek musika-terapiarekin lotuta.
Alzheimerra eta musika aipatu dituzula… Memoria musikala omen da galtzen den azkena. Baina baita garatzen den lehena ere. Horregatik sentsuen zikloan amaierari bakarrik ez zaio garrantzia eman behar. Egia da memoria musikala dela galtzen den azkena, baina entzumena da jaio aurretik garatzen dugun lehen sentsua. Amaren soinua guretzako lehenengo erreferentea da. Eta soinuak «musika» dira. Horregatik pertsona baten hazkuntzan —eta hezkuntzan!— hain inportantea da musika erabiltzea.
Pertsona baten garapen osoan leku garrantzitsua du musikak, beraz! Duda barik, horregatik esaten da haurdunaldian ere garrantzitsua dela haurrari musika jartzea. Behin jaiota ere, ume horren garapen osoan eragina izango du musikak, eta seme-alabarekin kantatzea, abestiak erakustea, musika elkarrekin entzutea, haur kantak ikastea… berebizikoa da, entzumenaz gain, haurraren gainontzeko sentsu eta konpetentziak ondo hazteko.
Hori jakinda, eta zu ere musikarekin hezitakoa zarelako hasi zinen musika bera hezkuntzara bideratzen? Nik beti izan dut musika oso gustuko, eta hori izan zen abiapuntua. Batetik musika ikasketak eta bestetik magisteritza. Orduantxe, zailtasun batzuk zituzten ikasleekin irakasle aritu nintzenean, musikaren bidez dena askoz errazago ikas dezaketela ohartu nintzen. Eta horrela hasi nintzen musikak hezkuntzan lagundu dezakeena ikertzen. Gauza batek bestera eraman ninduen. Prozesu bat izan da, logopedian nenbilela ere konturatu nintzelako hitz egiteko arazoak zituztenei abestiek asko laguntzen zietela.
Horrela iritsi zinen musika-terapia deskubritzera? Hori da. Musikaren bidez edonork ikas dezake edozer errazago. Aurretik izandako esperientziek harritu ninduten eta musikaren atzean zerbait dagoela konturatu nintzenean ohartu nintzen musika-terapia existitzen zela.
Ez da diziplina berria baina! Ez, inondik inora ere! Grekoen garaitik datorren esparru bat da, eta eurentzako lehenengo mailako irakasgaia zen, arima eta gorputzaren arteko zubia egiten duelako musikak. Eurek hasi ziren diziplina hau lantzen eta nire aurretik askok hartutako bidea jorratu besterik ez nuen egin gura, titulazio homologaturik ez bazegoen ere.
Euskadi mailan, ordea, zu zara musika eta hezkuntza berezia lotuta, taldean, proiektu bat martxan jarri duen lehenengoetarikoa, ezta? Tira, horrela esanda… bai. Adimen desgaitasunen bat zuten ikasleekin taldeka hasi nintzen musika-terapia lantzen, eta Galdakaoko Musika Eskolan lanean nenbilela pentsatu nuen: «Zergatik nire ikasleek ezin dute musika edo instrumenturen bat ikasi?».
Baina, musika-terapiarekin ez al dute musika ikasten? Ez, eta bai. Musika-terapia emozioak eta bide psikomotorra musikaren bidez lantzeko formula da, helburu terapeutikoak dituena batez ere, nahiz eta musikaren hainbat eremu ere landu. Galdakaon lantzen ari garen proiektu honetan, aldiz, musika-terapiaz gain helburu hezigarriak lantzen ditugu ikasleekin. Hau da, gainontzeko geletako ikasleek moduan, nireek ere musika —nota musikalak, pentagramak irakurtzen…— ikasten dute, baina euren beharretara egokituta.
Metodologia berri bat martxan jartzea ez zen ba erraza izango! Erraztasun handiak izan nituen, egia esan. Musika Eskolan behar berezia zuen ikasle bat zegoen eta ez zekiten ikasgeletako dinamika berarekin zelan landu. Orduan laguntza eske deitu ninduten, eta Musika Eskolako presidente zenarekin —gaur egun alkate—, eskolako zuzendaritza taldearekin eta Zaratamoko Berritzeguneko zuzendariarekin elkartu eta euren laguntzarekin proiektua landu nuen. Ordutik aurrera Galdakaon zerbitzu aitzindari hau eskaintzen ari gara, eta ikasleak pozarren etortzen dira musika ikastera!
Nolako jarrera uste duzu izaten dugula herritarrok desgaitasunen bat duen pertsonaren aurrean? Ezjakitearen beldurrez sortzen zaigun jarrera izaten dugu. Nik beti esaten dut «argia piztu» behar dugula. Behin argia piztuta beldurrak eta tabuak usatuko zaizkigu. Nire inguruan behintzat ez dut ikusten laguntzeko nahia ez dagoenik, baina ez dakite zelan egin. Eta ez da beldur negatibo bat, baizik eta «penaren», minduko dituztenaren, ezusteko erreakzio bat izango dutenaren, molestatuko dituztenaren… beldurra baizik.
Beldur horiek gainditzea gizarte osoaren onerako izango litzatekela uste duzu? Zalantza barik, gizarte osasuntsuago bat izango genukelako. Beldur horiek gaindituta eta desberdintasuna ulertu eta errespetatuta. Baina norberaren barnetik hasi behar da. Gure ahuleziak ezagutu eta errespetatzen ditugunean ikasiko dugu bestearenak errespetatzen. Horrek egingo gaitu gizarte helduago bat, maitasunez beteta egongo dena eta positibotasunetik eraikita.
Zure berbak entzunda ulertu daiteke berdintasunean eraikitako gizarte bat denon esku dagoela… Noski, bakoitzak bere indargune eta ahuleziak «mahai gainean» jartzea ezinbestekoa da horretarako. Nik neuk ere ikusten dut gela egokituan ari garenoi zenbat laguntzen gaituzten Musika Eskolako gainontzeko ikasle, irakasle, langile, familiek… eta gelako partaideekin lan egiten duten hainbat ikastetxe, elkarte, udal, Berritzegunek… Sare lan bat egiten dugu, baina sare hori gizarte osora zabaldu daiteke. Eta hortxe dago denon ardura!
Musika hezkuntza arautuan erabiliko bagenu, gauzak aldatuko lirateke? Aldatu ez dakit, baina hobetu seguruenik bai, musika hainbat arlotan lagungarria da, informazioa kudeatzeko tresna izugarria. Berez dugu, gurekin bat dator, gizakiaren altxor bat da.
Zein eragin du musikak gure garunaren garapenean? Gure garunak hainbat alde ditu, eta musikaren eragina guztietan dagoela erakutsi da, kognitiboan, motorean, emozionalean… beraz musika guztietan da lagungarria.
Adibiderik ematerik bai? Musikak eta honen hezkuntzak, imitazio eta inprobizazioa garatzen ditu, isiltasuna baloratzen du, barne kontzentrazioa, taldearekin konektatzen laguntzen du, pentsamenduak antolatzen, ideiak eta sentimenduak azaltzen, eta kontzeptuak ezartzen laguntzen gaitu. Hiztegia aberasten lagungarria da eta aldi berean expresioa, entonazio, artikulazio eta bokalizazioan ere eragin izugarria du musikak.
Musikari esker irakasgaiak ere errazago barneratu ditzakegula ondorioztatu daiteke? Bai, noski. Aspalditik erabili izan da musika ikasteko: zuretzako ezaguna den doinu baten bidez esaldiak hobeto barneratzeko, zenbakiak gogoratzeko, irakasgaia bera goxoagoa egiteko…
Etorkizunari begira ere lanean gogor ari zarela badakigu! Zertan ari zara? Ikasketa Kooperatiboarekin nabil burubelarri, duela bost urte inguru hasi nintzen Zaratamoko Berritzegunean, Irene Gonzalez eta Ixone Akesoloren formakuntza eta laguntza jasotzen. VIC unibertsitateko programa batekin, Jose Ramon Lagoren eskutik.
Zertan oinarritzen da Ikasketa Kooperatiboa? Pertsonen taldeak oso anitzak dira eta aniztasun horri erantzun ahalik eta egokiena emateko bide bat da. Ikasleak talde txiki eta heterogeneoetan taldekatzearen erabilera didaktikoa litzateke, beraien arteko harremana eta partehartze ekitatiboa bermatzen duena. Proposaturiko helburuak denek beraien puntu gorenera eramanda ikas dezaten eta ekipoan lan egiten ikasteko. Berez hezkuntza arautuan ezartzeko programa da, gaur egun indarrean dagoen Heziberri 2020 kurrikulunak islatzen dituen bost zehar konpetentzien lanketa bermatzen du. Gu Musika Eskolan ezartzen gaude, horretarako moldaketak eginez. Ikasleei erantzun ahalik eta egokiena emateko asmoz.
Baina hezkuntza arautuko kontua bada… horretan ere Galdakao aitzindari? Bai horixe! (barreka) Aurten Balearretan Ikasketa Kooperatiboaren inguruko sinposiuna —kongresu antzekoa— egin da eta gu izan gara Musika Eskola bakarra! Oso inplikatuta eta pozik gaude! •