Mende osoa bete berri du gaur, martxoak 25, Maria Jesus Zamalloa galdakoztarrak. Bisita askoren artean, alkatearen eta Gizarte Ekintzako zinegotziaren bisita ere jaso du 100 urteko bizilagunak. Zorionak!
Iñigo Arriandiaga alkateak eta Amets Iturbe Gizarte Ekintzako zinegotziak bisita egin diote gaur 100 urte bete berri dituen Maria Jesus Zamalloa galdakoztarrari, eta udalerriko erakundeak ohitura duen bezala, lora sorta oparitu diote bere urtebetetzean.
Udaletik iragarri dutenez, «data oso berezia» da gaurkoa Zamalloatarrenean bereziki, «herriari eta haren historiari lotutako bizitza oso baten aitortza dena».
Giro goxo eta hurbilean hartu ditu alkatea eta zinegotzia Maria Jesusek, eta batez ere bere gaztaroko kontuak kontatu ditu Juan Bautista Uriarteko bere bizilekuan, horien artean 1937an herriak jasandako bonbardaketak, berak 11 urte besterik ez zituenekoak.
«Topaketan zehar, galdakoztarrak memoria bikaina duela eta osasun betean dagoela erakutsi du», azpimarratu du Udalak ohar bidez. Zorionak, Maria Jesus!




