Mikel Crespo galdakoztarrak Alaveseko entrenatzaile izateari utzi dio
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Almaraz, Binkeren artxibotik
Martxoko Binkeren azaleko protagonista izan zenak, Mikel Crespo futbol entrenatzaile galdakoztarrak, Alaves taldeko arduradun izateari utzi dio. Orain arte jakitera eman dena batu dugu albiste honetan.
Alaves futbol klubak akordioa lortu du Mikel Crespo galdakoztarrarekin, entrenatzaileak emakumezkoen lehen taldeko entrenatzaile izateari uzteko. Horrela, Crespok lau urte baino gehiagoko «etapa arrakastatsua itxi du Gasteizko klubaren egituran», adierazi du ohar bidez futbol talde arabarrak. Joseba Basarrateren laguntzaile izan ondoren, 2020ko otsailean hartu zuen taldearen gidaritza, baina «egoerak hala behartuta» iritsi dira erabaki honetara.
Crespok taldea bere gidaritzan hartu eta hurrengo denboraldian maila gorenera igo zen eta 2021-22an mailari eutsi ere egin zion, lehen itzuli bikaina egin ondoren. Orain ordea Raul Jaenek, Mikel Cresporen bigarren entrenatzaile izan denak, behin-behineko kargua hartuko du Alaves «Gloriosas» taldean.
Binkek Cresporekin hitz egin du, baina oraingoz ez du adierazpenik egin gura, bere sareetan publiko egindako gutunaz harago. Gutun horretan, labur azalduta, Mikel Crespok zoriona adierazi du bizitako hiru urteengatik eta eskerrak eman ditu emandako konfiantza eta aukeragatik: «Orain, hesiaren beste aldetik babestuko zaituztet; eskerrik asko».
Futbol entrenatzaile galdakoztarra Binkeren aurtengo martxoko elkarrizketa nagusi izan da, eta papereko zenbakiko portada aipatutako hilabetean. Hemen irakur dezakezu egindako elkarrizketa.